Hiri-altzariak arduragabekeriaz erabiltzen direla salatu du Hondarribiko EAJk
Jarduera horien erantzuleetako batzuk udal ordezkaritza duten talde politikoak eta erakundeak direla esan dute.
Hondarribiko Udala eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitatea dira Hondarribiko kaleak, plazak, biribilguneak eta hiri altzariak zaintzearen eta ingurunea atsegin mantentzearen arduradunak. Horretan diharduten arren, azken hilabeteetan gizalegearen aurkako praktikak zabaldu direla kexatu dira Hondarribiko EAJko kideak: “Hiri altzariak euskarri gisa erabiltzen dira kartelak, eranskailuak eta pintadak jartzeko eta ez dira beti kentzen errazak izaten”.
Zenbaitetan jarduera horiek anonimoak izaten direla diote, baina besteetan, udal ordezkaritza duten talde politikoek eta erakundeek egiten dituztela. Azken hau batez ere “ulertezina eta onartezina” dela esan dute, “finantzaketa eta baliabide publikoak izanik, espazio komun horiekiko inolako errespeturik gabe jarduten duten eragile sozial eta politikoak egotea”. Horregatik, hezibidea, gizalegea, erantzukizuna eta koherentzia eskatu diete ekintza horien arduradun direnei. Era berean, indarrean dagoen araudia betetzeko eskatu diete.
Azkenik, Hondarribiko espazio batzuetan elkarbizitzarako zailtasunak daudela onartu dute jeltzaleek: “batez ere gaueko ordutegian”. Haatik, elkarbizitzako protokolo bat prestatzen ari direla jakinarazi dute bizilagunen laguntzarekin.