Garoa Lekuona izango da EH Bilduren zerrendaren burua
Bozketa prozesuaren ondoren, aho batez onartu dute mahai politikoak proposaturiko alkategaia.
Hilaren 2tik 4ra bitarte barne bozketa prozesua egin ondoren aho batez onartu dute militanteek mahai politikoak proposaturiko alkategaia, eta beraz, ofizialki berretsi dute Garoa Lekuona Izeta izango dela Hondarribiko EH Bilduren maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategaia.
Urtarrilaren 26an herri batzarra egin zuen EH Bilduk. Bertan alkategai aurkezteko arrazoiak azaldu zituen Lekuonak. Batetik, arrazoi profesionalak argudiatu zituen. Izan ere, legealdi berrian HAPOa mahaigaineratuko da, eta, zentzu horretan, mugikortasun jasangarrian duen ezagutza baliagarria izan daitekeela uste du. Eta bestetik, militantzia. Jaizkibel konpainiako kide den aldetik azken urteetan konponbidearen alde sortutako mugimenduak direla eta “udaletik zuzenki aldarri hau egiteko” aukera probestuko du.