[Elkarrizketa] "Gelditu eta entzun egin behar ditugu migratzaileak"
Laguntza psikosozialean aditua den norbaiten beharra identifikatu dute, eta zerbitzu hori Hilanderasen eskaintzea eskatu dute.
Iragan ostiralean SOS Arrazakeriak ikerketa txosten baten ondorioen berri eman zuen Palmera Monteron egindako aurkezpen batean: Elkar gurutzatutako bizitzak Irungo mugan: entzutearen fruituak. Iragaitzazko migratzaileentzat laguntza psikosozialaren beharra.
Txostena lotura honetan irakur daiteke. Azterlanari buruz aritu da Eva Aranguren, psikologoa eta SOS Arrazakeriako kidea.
Zein izan da ikerketaren abiapuntua?
Lan honen oinarria izan zen nire master amaierako lana, 2021ean egin nuena. Landa lanaren bitartez eta Gurutze Gorriko asilo eskaeren koordinatzaileari elkarrizketa eginez jakin genuen zeintzuk ziren Hilanderasen eskaintzen ziren zerbitzuak. Bertakoari oinarrizko zerbitzuak deitzen diote: ohea, janaria, arropa eta informazio juridikoa. Orduan, 2021ean, ohartu ginen behar emozionala ez zegoela beteta profesional baten bidez.
Master amaierako lan bat zen, eta proposamen bat egin zen: esku-hartze profesionala eskaintzea harrera etxean. Baina lan bat zenez, hortxe geratu zen. Dagoeneko bi urte pasa dira, eta oraindik gaur egun figura hori oraindik ez zegoela ikusi genuen.
Hartara, txostenari ekin genion. 99 pertsonarekin elkartu gara, eta beraiek entzuten,– hortik dator Entzutearen fruituak izenburua– txosten hau sortu dugu. Kontatu digute nola dauden, emozionalki zein puntutan iristen diren muga honetara, zeintzuk diren dituzten beharrak… Oraindik behar emozionala ez dagoela beteta modu profesionalean ohartu ginen, eta txosten honekin egiten dena da haien testigantzak bilduta behar hori sostengatu. Ez gara gu hitz egin dugunak, beraiek kontatu dute beraien egoera zein den eta zer behar duten momentu honetan. Boluntarioak daude batez ere Gurutze Gorrian, eta hori ongi izanda ere, profesionalizatzearen beharra dago.
Batez ere ez dugu nahi iristea mezu bat esanez guk egindakoa kritika bat dela zerbitzuari edo erakundeei. Nahi duguna da izatea txosten bat pentsarazi egiten duena, eta esanarazten duena “hau dago, eta agian buelta bat eman behar genioke”. Azkenean hiru lau egun egoten dira hemen, eta beraz, gurekin daude, gure komunitatean, eta zaindu egin behar ditugu.
Akaso ‘Entzutearen fruituak’ esanez ebidentzian jarri nahi duzue entzutearen garrantzia?
Askotan gu gara transmititzen dugunak nola dauden, zer behar duten gure ikuspuntutik. Guretzat garrantzitsua zen arlo psikosozialetik hitz eginez beraiek izatea lehenengo pertsonak kontatzen nola bizi duten muga hau. Zein behar dituzte? Zer falta zaie? Gure gizartean psikologoaren figura azkar hautematen dugu zer den, nahiz eta bakoitzak modu batean deskribatu. Agian beraientzat figura hau ez da existitzen, baina ez diote izena jarri beharrik. Bada testigantza bat emakume batena kontatzen duena: “Ni Madrilen egon nintzen hilabete batzuk zentro batean, eta bazegoen emakume bat, ez dakit psikologoa zen edo zer zen, baina bere denbora eskaintzen zidan eta espazio bat ematen zidan hitz egiteko. Agian izaten zen goizean egin nuen jardueraz hitz egitea, baina banuen espazio bat hitz egiteko”. Pertsona horrek lagundu egiten ziola ulertzen zer gertatzen zitzaion esan zuen. Gelditu eta entzun egin behar ditugu migratzaileak. Beraiek badituzte pentsamenduak ere, badute boterea eta badituzte gauzak esateko. Hortik abiatuta, goazen entzutera. Entzunez gauzak lortzen ditugu eta.
Migrazioa baldintza oso gogorretan egin dutela askok jaso duzue. Zein da Irunera etortzen direnen egoera?
Irunera iristen direnekoa edo Irunen dauden bitartean dutena? Azken finean, bakoitzak bere prozesu migratzailea dauka eta bakoitzak bere bizipen propioa dauka. Batzuek diote beraien bidaia erraza izan zela, hegazkin batean Marokora iritsi zelako, eta patera bat hartu eta gero bi egunetan Europan zeudelako. Beste batzuetan, aldiz, kosta zaie urte bat edo bi urte, bizi izan dira esklaboak bezala, ez dira izan inor inon, eta ez dute ezer balio izan. Bizirauten egon dira halako lekuetan, haien helburu nagusia hona iristea delako. Beste galderetako bat izango zen ea hemen beraiek nola sufritu duten, nola izan den Irundik Hendaiara iristeko prozesua.
Zer diote horren gainean datuek?
Batzuk ez dute ulertzen muga hau. Batzuek diote “zeinen arraroa den hau”. Ez dakitela zer gertatzen zaigun eta zer gertatzen den muga honetan diote. Poliziak ez diela gaizki tratatzen, batzuetan harrapatzen dietela baina ahal dutela pasa arazorik gabe… Paper bat ematen dietela, baina azaltzen dietenaren arabera ez dutela inongo ondorio legalik… “Zergatik ez didate lehenengoan pasatzen uzten?” galdetu izan dute ere. Ez dute oso ondo ulertzen. Hortik dator “barnealdeko mugak” kontzeptua. Argi dago muga bat dagoela, baina beraiek bakarrik bizi dute. Zuriok ez dugu muga hori gure bizitzan sartua. Beraiek, aldiz, bai. Haien bururako oso txarra da muga itxita egotea, antsietatea, estresa, beldurra, presa.. sortzen die muga horrek. Eta pasatzea ez denez atsegina izaten, okerrago egon daitezke.
Gurutze Gorriko zerbitzuak zein diren begiratu duzue. Beste gabeziaren bat identifikatzean sartu zarete?
Guk pentsatu dugu beraien ongizatean lagunduko lukeela, adibidez, aldatzen baldin bazen pasa ditzaketen gehienezko gau kopurua. Pertsona batek badakienean hiru egunetan utzi behar duela zentroa, horrek sortzen diona oso gogorra izan daiteke. Orduan, gauza hori aldatzen baldin bazen, edota beste modu batean transmititzen baldin bazaie informazio hori, agian beraien ongizatea hobetu egingo litzateke. Lasaiago egongo ziren bertan.
Ez dugu ematen den zerbitzuaren analisi edo kritika bat egin, baizik eta dagoen zerbitzuari gehitzea izan da proposamena. Gure ustez oinarrizko zerbitzu horretan falta da arlo emozionala betetzea profesional batekin. Beraien migrazioan barrera emozional bat sortu dute eta oso garrantzitsua da hesi emozional hori ez erortzea muga honetan. Indartsu segitzea, erresiliente segitzea eta jarraitzea beraien bidea.