[Argazki galeria] Bidasoan eta Tarajalen hildako migratzaileak omendu dituzte
Migratzaileak izen eta abizenak dituzten pertsonak direla aldarrikatu, eta migrazioaren biktimentzako eta haien familientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute.
Bidasoko eskualdean migratzaileekin lan egiten duten lau taldek deituta Pausu eta Behobia arteko zubian elkartu dira gaur arratsaldean, Mugetako heriotza erregimenaren nazioarteko egunean.
Pausu eta Behobia batzen dituen zubiaren alde banatan kokatu dira Irungo Harrera Sareko, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bidasoa Etorkinekin eta Etorkinekin Diakite elkarteko kideak. Poliki poliki egin dute aurrera zubiaren erdian elkar topatu diren arte. Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu nahi izan dute, alde banatan egon harren elkarrekin daudela irudikatuz.
Hildako migranteei omenaldia egin aurretik elkarteko kideek azken urteetako datuak oroitarazi dituzte. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera 2014tik mundu osoko muga batean 46.622 pertsona jo dituzte desagertutzat, eta horien %50a mediterraneoan gertatu ziren. Datuok kontuan hartuta, migrazioaren biktimentzako eta haien familientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute.
Jarraian, Talajal hondartzako sarraskian hil ziren pertsonak (gutxienez 14 izan ziren) zein Bidasoan hildako 9 migranteak oroitarazi dituzte. Izan ere, erakundeek egunero hildako migranteen bizitzak irensten dituztela eta beren identitateak ezabatzen dituztela salatu nahi izan dute. Bestalde, izen gabeak eta desagertuak ere oroitarazi dituzte.
Banan banan, izen eta abizenekin: Larios Fotio; Nana Roger Chimie; Ousman Hassan; Samba Baya; Ibrahim Keita; Abdouraman Bah; Mohamed Kemal; Jeannot Flame; Youssouff; Blaise Fochin; Yaya Karamogo; Faycal Hamadouche; Abdulaye Koulibaly; Tessfit Temzide; Ahmed Belhiredj; Ibrahima Diallo; Yves Martin Bilong; Daouda Mahtma; Luc Firmin Bikai; Souhmaibo Billa, Armand Fernand Souop; eta Aboubakar Oumanou Maiga. Guztien izenak zubian kateatuta utzi dituzte.
Azkenik, minutu bateko isilunearen ondoren, zubitik lore txuriak isuri dituzte errekara eta “askatasuna bilatzen duten guztiei itxaroten dien etorkizun ilunari argi pixka bat jartzeko” lastargiak piztu dituzte.
Hona hemen elkarretaratzeko zenbait irudi: