VI. Ribera bekak esleitu dituzte
'Kristaldutako gorputzetan', Irati Inorizarena eta Juan Guti Verarena; eta 'Fabricar un cuerpo; eta Transformación y resiliencia en el pasado industrial del Bidasoa', Maria Alcaide eta Eladio Aguilerarena izan dira bekaren irabazleak.
Ribera beken seigarren edizioko irabazlean nortzuk diren jakinarazi du gaur Irungo Udalak. Bekaren xedea Bidasoa ibaia, inguruarekin lotutako memoria historikoa eta muga kontzeptu gisa hartuta, ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea da.
Honako hauek dira aurtengo proiektu irabazleak:
- Kristaldutako gorputzetan, Irati Inorizarena eta Juan Guti Verarena.
- Fabricar un cuerpo; eta Transformación y resiliencia en el pasado industrial del Bidasoa, Maria Alcaide eta Eladio Aguilerarena.
Proiektuen deskribapenak
Krisaldutako gorputzetan. Egileak: Irati Inoriza, artista bisuala (Balmaseda, 1992) eta Juan Guti Vera, ingeniari mekatronikoa (Burgos, Espainia 1989).
Urarekin eta airearekin lotura duten instrumentuen azterketa historiko eta antropologikoan oinarrituko dira. Instrumentu hidrauliko edo pegar txistulariak deitzen zaie horiei. Bi elementu horiek arteko elkarbizitzatik eta egungo aurrerapen teknologikoetatik sortzen diren soinu tresnak ekoizteko modu garaikideak esperimentatuko dituzte.
Prototipoak probatzeko probestuko dituzte datozen bederatzi hilabeteak. Ondoren, irailean, Bidasoa ibaiaren inguruan erakutsiko dute emaitza, beste edizioetan egin bezala. Presente izango dute ikuspuntu feminista eta ingurumenarekiko sentiberatasuna.
Artistek nabarmendu dutenez, “garrantzitsua da aukeratzen diren material eta formak”. Arduraz jokatu behar dela ekoizten diren elementuekin diote, “inoiz ez bezala agian”. Lurrarekiko bizikidetzaren eta hura zaintzearen garrantziaren kontzientzia dute, eta “taxutzen diren instrumentuak Irungo ekosisteman integratzea da asmoa”.
Fabricar un cuerpo; eta Transformación y resiliencia en el pasado industrial del Bidasoa. Egileak: Maria Alcaide (Aracena, Huelva, Espainia, 1992) eta Eladio Aguilera (Sevilla, Espainia, 1995) .
Ikertzaileak dira Alcaide eta Aguilera, eta Bidasoa ibaiaren ahoaren inguruko memoria eta haren iragan industriala berrikusi nahi dute bekaren laguntzarekin. Azterketarako Irun “leku eraldatzaile, aldatzaile, indartsu, gogor eta nortasun propioduntzat” hartuko dute.
Artistentzat Irunek lan indibidual eta kolektiboarekiko, mugen arteko mugimenduarekiko eta istorio eta kontakizunen sedimentazioarekiko lotura handiko historia duen lekua da.
Bi multzotan bereiziko dute lana. Batetik, Irungo eta Bidasoko historia industrialaren gainean arituko dira. Bestetik, langileen gorputzaren historia indibidualaren, eta lurraldearen iraganaren arteko harremana izango dituzte hizpide.
Udalak azaldu du planteamendu horren asmo nagusia langileen gorputz eta memoriaren garrantzian azpimarra egitea dela, “langileak ezinbestekoak izan diren aldetik Bidasoa Beherearen atzoko eta gaurko nortasunaren eraikuntzan”.
Proiektuaren amaieran, luzera ertaineko bideo bat proiektatuko dutela aurreratuko dute. Halaber, aurkezpen performatibo bat egingo dute. Bertako produktuen dastaketarako aukera izango da ere.
Ribera beken baldintzak
Edozein diziplina erabiliz jorratu daiteke proposatutako gaia, eta emaitzak artistikoa izan behar du. Alde soziala eta partaidetza prozesuak baloratzen dituzte ere. Urtero kaleratzen den sormen ikerketa beka da.
Udalak oroitu du beste edizioetan antropologia gaiak zirela proiektuen muina, baina orain aldatu egin da baldintza hori eta edozein diziplinari dagozkien proiektuak ere aurkez daitezkeela nabarmendu dute, “hala nola geografiaren, soziologiaren, nazioarteko harremanen, biologiaren eta ingurumen zientzien esparrukoak, ikuspuntu humanizatutik betiere.