[Elkarrizketa] "Haurrak oso leialak dira, eta guztiak inplikatu ginen"
2006 eta 2007an ikasle eta irakasle ziren, hurrenez hurren, Elatzeta ikastetxean. Urte horietan diagnostikatu zioten minbizia Garaziri, eta eskolaren akonpainamendua jaso zuen.
Garazi, gogoan duzu minbizia diagnostikatu zizuten momentua?
GARAZI GONZALEZ: 2007an diagnostikatu zidaten minbizia. Tardatu zuten diagnostikatzen, sei hilabete luzatu zelako diagnostikoa. Gogoratzen dut bitartean klasean egoten nintzela, esperoan. Oso gogoan dut Mari Jose, zuregana jo nuela eta galdetu zenidala, «zer esan dizute?». Nik inozente erantzun nizun, «ba bi tumore ditudala». Mari Josek momentu horretan jarri zuen aurpegia iltzatuta daukat.
Prozesu osoa hasi zen belarrondoa ukitu eta bulto bat neukalako. Hori 2006aren bukaeran izan zen. Mediku ezberdinengana jo nuen, eta hasieran ganglio bat zela esan zidaten, ez zioten garrantzirik ematen. Baina ez zen joaten. Nire amak ezin zuen gehiago, eta presioa eginez nire medikuak bidali zidan beste mediku batengana, eta horrek esan zidana izan zen infekzio bat neukala txantxar batengatik. Baina bizitzako momentu horretan oraindik ez nuen txantxarrik izan!
Geroago, zortea izan nuen. Medikuarengana joan nintzen eta anbulatorioan nire txikitako dentista zegoen ordezkapen bat egiten, eta kontsultara etorri zen. Dentistak azaldu zion nire ahoa memoriaz ezagutzen zuela, eta ez neukala halako ezer ere ez. Ez ziguten kasurik egin, eta nire ama eta dentista oso haserre atera ziren kontsultatik. Orduan, beste mediku baten gelan sartu zidaten, belarrondoan ukitu zidan, eta esan zuen: «Hau oso argi dago, tumore bat da».
11 urte nituen, eta ez nintzen kontziente, ez nintzen gai ulertzeko zer esan nahi zuen tumore bat edukitzeak. Gero proba bat egin zidaten eta ikusi zuten ez neukala bat bakarrik, alegia, beste bat ere baneukala faringe hasieran. Orduan hasi zen dena segidan aurrera egiten. Analisietan ikusi zituzten bi tumoreak ez zirela berdinak, bata bestea baino okerragoa zela esan zidaten. Eztarrikoa oso txarra zela, pronostiko oso txarra neukan. Nire amak esan zidan bizirik ateratzeko %5eko baino gutxiagoko probabilitatea nuela. Ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula.
2007ko ekainean ebakuntza egin zidaten eta irailean hasi nintzen kimioterapiarekin. Gero dena oso azkar joan zen. Astebete egoten nintzen ospitalean ingresatuta, kimio oso gogorra ematen zidaten eta berriz ere etxera bueltatzen nintzen, beste astebetez. Kimioterapia oso ongi onartu nuen, zorionez.
Kimioterapia gogorra izan zela diozu. Zein ondorio izan zenituen?
G. G: Ile guztia erori zitzaidan. Azala zianotikoa neukan. Oso puztuta nengoen ere bai, hori izan zen okerrena. Ahuldadea nuen, azken finean kimioterapiak egiten dizuna da sistema immunitario guztia hil. Ezin nintzen etxetik irten, ez nuen bizitzarik egiten. Etxean egoten nintzen. Eskolako gauzak bai segitzen nuela egiten, baina gehienbat horiek izan ziren sintomak. Bukatu nuenean joan egin ziren. Baina kimioarekin batera radioterapia ere eman zidaten hilabete batez, eta radioarekin bai hasi zitzaidala azala kentzen, erreta zegoelako. Horiek dira orain arte dakizkidan ondorioak, nire amak esaten duelako kimioak nire izaera guztia aldatu zuela. Lehen haserretu egiten nintzela dio, baina oraingo haserrealdiak askoz okerragoak direla esaten dit. Hori kimioak asko aldatu zuela esaten dit.
Orain beste haserrealdi bat duzula?
G. G: Salto egiten dut orain!
MARI JOSE EIZAGIRRE: Nortasun handikoa da.
G.G: Beti izan naiz nortasun handikoa, baina kimioak okertu egin zidan. 11 urte nituen eta ez nintzen kontziente. Horrek niri ongi egin zidan, beste era batean asimilatu nuen, eta ez nion garrantzirik eman. Pasa egiten duzu, pasa egin behar duzulako, eta kito. Badakit inkontzientziak salbatu egin zidala bizitza. Amak ere gogoratzen dit beti izan naizela baikorra. Kimioarekin botaka besterik ez nuen egiten eta medikuak ea zer moduz nengoen galdetzerakoan nik «ondo» erantzuten nuen. Nire amak esaten zion ez nengoela ondo, baina beti «ondo» erantzungo nuela.
Minbizia pasa zenuen, eta egun, arrastorik baduzu?
G. G: Ez. Bi tumoreak kendu zizkidaten, eta 2007tik 2019ra arte izan naiz onkologoekin azterketak egiten. 2019an esan zidaten zelulak bi aldiz berritu direla eta ondo nagoela. Sendatuta nengoela, alegia, eta inoiz ez naiz birgaixotu. Hori ona izan da. Txikitan minbizia pasa ondoren egiten dituzun azterketetan kontziente zara esaten dizutenaz. Gainera, farmazia ikasi dudanez, eta minbizia izan dudanez, gauza guztiak ulertzen ditut.
Atzera begira beste zerbait ikusten duzu?
G. G: Gogoratzen dut maiatzeko klaseko argazkira [ikasturte bukaerako gelako talde argazkia] joan nintzela zapi batekin buruan. Garai horietako argazkiak ez daude nire etxean. Bi dauzka gordeta nire amak. Gauzak gainditu egin behar dira pixkanaka-pixkanaka eta hasieran asko kostatu zitzaidan argazki horiek ikustea. Orain hobeto daramat.
Garaziren irakasle izan zinen garai horietan, Mari Jose. Nola oroitzen duzu garai hura?
M. J. E: Bere tutorea nintzen, eta oso ondo gogoratzen dut bere kasua. Eskolan bizi izan genituen horrelako beste hainbat kasu, baina berea izan zen zuzenen bizi izan nuena. Oroitzen dut lehenengo bere ama etorri zela, eta medikuarengana joan behar zutela azaldu zidala, ganglio batzuk zituelako. Ikasturtea bukatu genuenean oraindik ez nekien azterketaren emaitza zein zen. Irailaren 1ean eskolara lanera itzuli nintzenean esan zidaten: «Garazi ospitalean dago kimioterapia jasotzen». Oraintxe bertan oilo-ipurdia nabaritzen dut hau kontatzerakoan. Nire lehen galdera izan zen, «zer egingo dugu eskolatik?». Baina azkar batean oso argi ikusi nuen zer egin behar genuen. Garazi Katea auzoan bizi da, Elatzeta ikastetxearen alboan, eta hori bere klasekideek ere bazekiten. Orduan, Garazirentzako gauzak prestatzen hasi ginen. Grabazioak, marrazkiak… denetarik. Guztira 20 pertsona bat ginen klasean eta bere mahaia hutsik ikustea… bere hutsunea oso nabaria zen. Garazi beti izan da nortasun handiko neska, dagoen lekua betetzen du. Beraz, oraindik are nabarmenagoa zen bere hutsunea.
Bere amarekin harremana nuen eta noizbehinka topo egiten genuenean esaten nion, «begira, hau prestatu dugu Garazirentzat, emango zenioke?». Eta berak Garazi ez zegoela ondo esaten zigun, eta nik errepikatzen nion eraman zitzala hala ere, marrazkiak ikus zitzan.
Klasekideak asko inplikatu ziren garai hartan?
M. J. E: Bai, bai. Tutoretzak probestu genituen. Garazirengana iritsi nahi genuen. Horretarako haurrak oso leialak dira eta bere kasuan guztiak inplikatu ginen. Elatzetan bi klase zeuden kurtsoko eta bi irakasle ginen, Marian Alonso eta ni neu. Berarekin Gaztelania eta Euskara ikasten zuten nire ikasleek. Alonso ere asko inplikatu zen, eta gogoan dut ostiraletan kafea hartzen genuela Garaziren amarekin, Pepi Sanchezekin.
G. G: Aiba! Nik hori ez nekien!
M.J.E: Galde iezaiozu zure amari jakin nahi baldin baduzu! Tutoretza horrela egiten genuen. Izan ere, beste irakasle bat joaten zen Garaziren etxera, eta guregana etortzen zen irakasle hori zer landu behar zen galdetzera. Erlazio zuzena bilatzen genuen.
G. G: Lehen aipatu bezala, astebetez ingresatuta izaten nintzen, eta gero beste batez etxean. Etxean nengoenean etortzen zen egunero irakasle bat bi ordu egotera. Eskolako klaseak ematen zizkidaten seigarren maila egin ahal izateko eta ez errepikatzeko. Aspanogi elkarteak horretan oso ondo lan egin zuen.
Noiz hasi zinen klasekideekin berriz harremanetan?
M. J. E: Oso momentu garrantzitsua izan zen Garazi jolas garaian patiora etortzen hasi zenekoa.
G. G: Ostiraletan izaten zen!
M. J. E: Hori izaten zen bere bitamina. Guk ikusten genuenean bera gurekin zela, asko pozten ginen.
G. G: Bakarrik ostiraletan irteten nintzen etxetik nire aitarekin. Garai hartan aita erretiratu egin zen posible zuelako, eta ni zaintzeaz arduratzen zen. Ostiraletan etxetik irteten ginen eta eskolaren aurrean bizi naizenez, jaitsi egiten nintzen eskolaren atzeko atera eta denak ikustera etortzen ziren. Oso urduri egoten nintzen, «horrela ikusiko naute?». Nire aitak lasaitzeko esaten zidan. Eskolarekin momentu horretan nuen kontaktu bakarra izan zen.
M. J. E: Berpiztu egiten zinen, sentsazio hori daukat.
G. G: Hori egia da.
Haurrak ospitalean daudenean animatzaileak joaten dira. Zure kasuan horrela izan zen?
G. G: Ni bakarrik nengoen ospitalean, ez zegoen beste haurrik nirekin. Logela bat prestatzen zuten zuretzat bakarrik eta gurasoak ere egoten ziren. Ez zidaten uzten beste umeekin elkartzen. Azken finean, nik neukana oso txarra zen. Nire minbizia sendatzeko behar nuen kimioterapia oso fuertea zen, eta oso ahul nengoen. Hezurretik kanpo topatu zidaten tumorea eta denbora gehiago pasa izan balitz eta hezurrera ailegatu… ezingo zela nirekin ezer egin esan zidaten. Isolamenduan nengoen eta kimioa zen eguneroko ogia. Bestalde, ezagutzen dut beste pertsona bat ohikoagoa den minbizi bat zeukana, Hodgkinen linfoma. Berak bai posible zuen gelaz aldatu eta ospitalean lagun bat egin zuen. Elkarrekin jolasten zuten. Horrez gain, Porrotx da gaur egun joaten dena haur horiengana.
Zein irakaspen eman dizue bizipen honek?
M. J. E: Oso sentsiblea naiz, eta niretzat oso gogorra izan zen. Alde batetik, haurrek ondo erantzun izana dago, eta bestetik, familiarekin harreman ona izatea. Prozesu hori ondo atera izana zoragarria izan zen. Ez dakit zer ikasi dudan, baina markatu ninduen.
G.G: Gauza asko ikasi ditut minbiziari esker. Batetik, ikasi dut beldurra ez izatea minbiziari. Gazteagoa nintzenean eta atzera begiratzen nuenean ez nuen nahi inork jakitea minbizia izan nuenik. Ilerik gabe nengoen, gainera… Baina ikasi dut beldur hori guztiok daukagula, gizartean izugarrizko tabua dagoelako minbizia hitzarekin. Zertarako izan beldurra? Hori izan da nire irakaspen handienetariko bat, eta orain, geratu zaidan orbaina ikusten dutenean, ez zait axola esatea «minbizia eduki dut». Ez dut beste era batera esaten, nire egia hala delako. Gaur 27 urte dauzkat eta 16 urte pasa dira dagoeneko minbizitik. Gainditu nuen, bai, baina nire baitan dago. Niregan eragin ditu ondorioak. Orbain oso itsusi bat daukat eta beti hor egongo da nirekin. Irakaspen handiena minbiziaz minik gabe hitz egitea izan da, zalantzarik gabe.
Aspanogik gauza asko ondo egiten ditu, eta horietako bat izaten da elkartzea haurrak ginenean minbizia pasa dugunak. Elkartzen garenean gu bakarrik ulertzen gara gure artean, eta txantxak egin ditzakegu minbiziari buruz. Badakigulako gaixotasun bat dela, gripea bezalaxe. Baina gizartean izugarrizko tabua da.
Botika batean zaude lanean Oiartzunen. Aplikatzen al dituzu zure ogibidean minbiziak emandako baloreak?
G. G: Saiatzen naiz, bai. Etorri izan da botikara bezeroren bat minbizia duena eta momentu horretan bai esaten diedala nik ere eduki dudala. Orduan galdetu izan didate «eta ongi zaude?», eta testuinguru horretan ulertzen dut hori galdetzea. Beste bezero bat ere ezagutzen dut bere senarrak minbizia duena, eta etortzen den aldiro galdetzen diot ea zer moduz dauden, eta hitz egiteko tartea ateratzen dugu. Nabaritzen dut nirekin hitz egitea gustatzen zaiola, zeren lasaitu ederra hartzen baitu. Egia da botikara jende asko etortzen dela eta irakatsi didatela botikan ez zaudela saltzeko, baizik eta laguntzeko. Badago jende asko hitz egiteko beharra duela, etxean ezin duelako, eta botiketan haien barrena ireki egiten dute. Enpatia sentitzen baduzu aurrean dagoen pertsonarekin hartzen duzu jarrera hori. Beti geratu zait zintzilik minbiziaren bueltan lan egitea. Bizipenetatik lagundu ahal izatearekin oso ondo sentitzen naiz.