Psilocybe Aretoak 30 urte beteko ditu aurten
Izatez udal azpiegitura da, baina Psilocybe elkarteak kudeatzen du ia autonomoki. Urteurren berezia ospatzeko lanean ari dira dagoeneko.
Psilocybe Aretoak, emanaldietarako, entseguetarako zein grabazioetarako espazioak, 30 urte beteko ditu aurten. Izatez udal azpiegitura da, baina Psilocybe elkarteak kudeatzen du ia autonomoki. Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano zinegotziak harrotasunez bisitatu zuten aretoa. “Psilocybeneak 30 urte beteko ditu, mugarri bat da. Garai bateko proiektua izan zena pentsa zer errealitate bihurtu den” adierazi zuen Sagarzazuk. Serranok aldiz udaletik urte hauetan guztietan emandako babesa nabarmendu zuen: “Mantenu lanak egiteko edo beharrak eta hobekuntzak ikusten dituztenean laguntzen dugu, hala nola, intsonorizazioan edo lokalaren argiztapenean eta beste hainbat inbertsio ere egin ditugu”.
Psilocybe Aretoa eraikin publikoa da, horregatik publikoari zabaldu eta nahi duen orori etortzera gonbidatu nahi izan dio Egoitz Alcarazek Psilocybe elkarteko lehendakariak: “Jende gaztea etortzea gustatuko litzaidake batez ere. Jendea etor dadila nahi dugu eta ezagutu gaitzala. Hau denon etxea da. Musika egin nahi duen orok, musika talde bat nahi duen orok izango du lekua hemen, edozein estilokoa”. Psilocybe egun euskadi mailan soinu aldetik egon daitekeen aretorik onenetakoa da lehendakariaren ustez.
Urteurren berezia ospatzeko lanean ari dira dagoeneko. Elkarteko talde batzuekin bilduma bat osatzen ari dira, urteurrena ospatzeko izateaz gain beren musika zabaltzeko ere. Bestalde, jaialdi bat antolatuko dute. Hasieran jaialdi handi bat egitea prentsatu zutela azaldu du Alcarazek, baina azkenean zerbait xumeagoa egingo dutela: “25. urteurrenean jaialdi potentea egin genuen eta konturatu ginen lan asko dela. Horregatik zerbait xumeagoa egingo dugu, baina aldi berean potentea izango da”. Uda partean antolatu gura duten jaialdian elkarteko zein estatu mailako taldeak uztartzea izango da asmoa.
30 urte hauetan 200 taldetik gora igaro dira areto arroxetik. Lehendakariaren hitzetan zenbait euskal musikaren historiarako geratuko dira: “Helmet taldeak adibidez birritan jo zuen hemen eta aurten ere joko du”.