SOS Arrazakeriak bere azken txostena aurkeztuko du
'Elkar gurutzatutako bizitzak Irungo mugan: entzutearen fruituak. Iragaitzazko migratzaileentzat laguntza psikosozialaren beharra' izenburupean, ostiralean izango da aurkezpena Palmera Monteron.
Elkar gurutzatutako bizitzak Irungo mugan: entzutearen fruituak. Iragaitzazko migratzaileentzat laguntza psikosozialaren beharra izeneko txostena aurkeztuko du SOS Arrazakeria elkarteak ostiralean, hilak 3, 17:30ean, Palmera Monteron.
Erakundeak azaldu du txostenaren helburua dela “Irunen dauden iragaitzazko migratzaileen bidez euren bizipen eta errealitateak zabaltzea, arlo emozionalean zentratuz, ikuspegi feministarekin eta pertsona migratzailearen narratibatik”. Elkarteko kideek jakinarazi dute kontatutako istorioak “errealak” direla: “Eurek bizitako gertakariak dira, protagonisten ahotik kontatuak”. Gertakariak jasotzen, pertsona horiei “ahotsa” ematen ahalegindu dira.
Bestalde, dagozkien erakundeei helarazi nahi izan dizkiete pertsona migratzaile horien ongizatea hobetzeko sortutako proposamenak, “kontuan izanik migrazio prozesu askotan alderdi hau ahaztu egiten dela”. Proposamen hori Irungo Hilanderas kalean Gurutze Gorriak kudeatzen duen harrera zentroan laguntza psikosozialeko baliabide profesionalizatu bat martxan jartzea izan dela azaldu dute SOS Arrazakeriatik.