Eraso homofoboaren aurrean, gertutasuna eta elkartasuna
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu eta gaur bertan Irungo epaitegian epaitua izango da.
Bart arratsaldean, Martxoak 8 plazan bildu ziren Hondarribiarrak eta irmo gaitzetsi zuten joan den larunbat gauean jazotako eraso homofoboa. Elkarretaratzearen bidez biktimari elkartasuna, gertutasuna eta babesa adierazi nahi izan zioten. Hainbat minutuz elkarretaratze isila egin ondoren txalo zaparrada luze batek hautsi zuen isilunea. Homofobiaren aurrean hondarribiarrek bat egin zuten.
Hondarribiko Udaleko alderdi guztien ordezkariak bertan izan ziren (EAJ, Abotsanitz, PSE-EE, EH Bildu) bai eta Irungo Udaleko Podemoseko ordezkariak ere. Kalean bildu izana ez zen kasualitatea izan. “Kalean ikusten dugulako guk inolaz ere onartzen ez ditugun hainbat ekintza”, esan zuen Txomin Sagarzazu alkateak. Gainera, bizikidetzarako elkarrekiko errespetua ezinbestekoa dela berretsi zuen: “Berdin da sexu orientazioa, berdin dira pertsona bakoitzaren ezaugarriak”. Udaletik lanean jarraitu behar dutela argi dute, horregatik, udal alderdi guztien adierazpen bateratuan egin bezala, prebentzio eta sentsibilizazio lanak egiten jarraituko dutela jakinarazi zuen.
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu, eta gaur bertan Irungo epaitegira eramango dutela baieztatu zuen alkateak. Epaiketa azkarra egingo diote. Azkenik, udalaren izenean eskerrak eman zizkien alkateak elkarretaratzera gerturatu ziren herritarrei.
Bestalde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Hondarribian gertatutako erasoaren harira adierazpenak egin ditu. Gorroto deitu baten atzean oinarrizko mezu bat dagoela, eta eraso isolatuak ez direla adierazi du kontseiluak: “Pertsona ez ezik kolektibo osoari zuzenduriko erasoa da egiten dena. Izan emakumeen zapalkuntzari, izan LGTBI+ kolektiboari zuzendurikoa”. Eta eraso homofoboen aurrean #GukEzetz! esan dute.
Kolektibotik, gainera, hainbat eskaera egin dituzte:
- Eraso bakoitzaren aurrean justizia egin dadila.
- Gorroto delituak salatzeko doako justizia ahalbidetzea.
- Legediaren aldaketa. Genero indarkeria kontzeptu juridikoak ez baititu biktima guztiak barne hartzen.
- Hezkuntza formalean zein ez formalean hezkidetza bermatzeko baliabideak giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak ematea.
- Ikerketa datuak eguneratzea prebentzio erreal bat egiteko.
- Behatokien hobekuntza.
- Ikuspegi intersekzionalarekin lan egitea.
- Eta tolerantzia eta inplikazioa indartzea.
Atzoko elkarretaratzean txalo zaparrada: