Emakundek dio "ezinbestekoa" dela Alardea Berdintasun Planean jasotzea
Alkateak erabaki behar du orain Emakunderen aholkuei kasu egin ala ez. Egin ezean "errespetu falta instituzionala" izango dela salatu du Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak.
V. Berdintasun Planaren auziak aurrera segitu du. Emakundek udalaren izenean bi plan jaso zituen gerora txostena egin ahal izateko. Batetik, alkateak igorritakoa, eta bestetik, Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak bidalitakoa. Horietako bat hauta zezan galdegin zioten Jose Antonio Santanori, eta honek, prozesu parte hartzailerik gabeko planean oinarritzeko agindua eman zuen. Alegia, alkateak bidalitakoa.
Gaur azken berriak emateko agerraldia egin dute udaletxean Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak, Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitzako udal gobernuko kideekin batera. Dagoeneko txostena egin du Emakundek, eta bertan, planari buruzko lau ohar garrantzitsu eman ditu:
- Berdintasuna bultzatzeko egitura indartzeko ekintzak sartzea.
- Jarraipen metodologia nolakoa izango den gehitzea.
- Argitzea ebaluazioa nork egingo duen.
- Irun hirian Alarde parekideari buruz dauden erronkak jasotzea eta udalak eskaini behar dituen erantzunak zehaztea.
Azken aipamena izan zen gatazka sortu zuena udalean. Emakundek, berdintasun planean Alardea “ezinbestean” jaso behar dela gomendatu dio Santanori. Gogoratu beharra dago plana idazteko prozesu parte hartzailean denek bat egin zutela Alardea planean jaso behar zela, Uxoa taldeak izan ezik, baina Etxebestek salatu zuen hori jasota ez zegoen beste plan bat idazteko agindua eman zuela Santanok.
“Emakundek arrazoia eman dio prozesu parte hartzaileari” azaldu du Etxebestek. “Ezinbestekoa” dela Alardea planean jasotzea baloratu duenez Emakundek, Berdintasun zerbitzua dagoeneko hori gehitzeko lanean ari dela baieztatu du zinegotziak.
Dena den, azken hitza alkaterena da. “Zer egingo du orain alkateak?”, galdetu du Etxebestek. Emakunderi kasurik egin ezean “errespetu falta instituzionala” izango zela dio Etxebestek. Alkateak orain Berdintasun zerbitzua egokitzen ari den plana osoko bilkurara ez aurkeztea erabakitzen badu, “Irun berdintasun planik gabe” geratuko dela salatu du Etxebestek. “Errua alkatearena izango da, ez beste inorena”.
Alardea jasotzen ez duen plana onartu daiteke osoko bilkuran, baldin eta Santanok Emakunderen gomendioei entzungor egiten badie. Bi hilabete ditu behin betiko plana prestatzeko. Bestalde, Etxebestek gogorarazi du du alkateak nahi duen plana egikaritzeko babes politikoa baduela: “Bozeramaile batzordean babesa jaso zuen, EAJ eta PPrena. Ez dakigu osoko bilkura batean berdina gertatuko litzatekeen”.