Txingudi Ekoetxeak bat egin du Hezeguneen Munduko Egunarekin
Bihar ospatuko da Hezeguneen Munduko Eguna, eta horren harira, ibilbide gidatu bat eta dinosauroen inguruko tailer bat antolatu dituzte astebururako.
Otsailaren 2an, Hezeguneen Munduko Eguna ospatzen da, ekosistema horien kontserbazioari buruzko Ramsar Hitzarmena 1971n sinatu zela oroitzeko. Egun hori ospatzearen helburua “hezeguneek gizateriarentzat eta planetarentzat duten balioaz kontzientzia sortzea eta ikusaraztea” direla azaldu du Txingudi Ekoetxeak. Aurten hezeguneak lehengoratzean jarri dute arreta, eta horren aldarria egin dute: “Hezeguneak basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari dira, eta munduko hezeguneen %35 baino gehiago degradatu edo galdu egin dira 1970etik”.
Txingudiko hezegunea balio ekologiko handiko naturagunea dela adierazi du Txingudi Ekoetxeak, eta hezegune bat lehengoratzeko kasurik “adierazgarrienetako bat” dela gaineratu dute.
Hori dela eta, Txingudi Ekoetxeak bat egin du Hezeguneen Munduko Egunarekin, eta bi ekintza antolatu ditu asteburuan, “gure eskualdean dugun altxorraren kontserbazioaren garrantzia azpimarratzeko”. Larunbatean, hilak 4, 10:00etan, Gorka Gorospe ornitologoak ‘Hegazti negutarrak’ gaiari buruzko ibilbide gidatua egingo du Plaiaundiko Parke Ekologikoan zehar. Bisita horretan Txingudiko hezegunetik igarotzen diren hegaztiak ezagutu eta paduraren garrantzia aztertuko direla azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, igandean, hilak 5, 11:00etatik aurrera, familia eta txikien eguna izango da, Artean Espazioko kideek ‘Dinosauro bat dago zuhaitzean’ tailerra eskainiko baitute Txingudi Ekoetxeak. Ikastaro horretan dinosauroak jatorri dituzten lehen hegaztien fosilak ezagutu eta hegazti dinosauroak sortzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Bi jarduerak doakoak dira, baina parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea Txingudi Ekoetxearen webgunean.