Senra tabernaren aurrean elkarretaratzea egin dute
'Esplotazioa borrokatu! Lan baldintza duinak langile guztiontzat' lelopean tabernako langileek jasan duten egoera prekarioa salatu dute.
Gaur goizean elkarretaratzea egin dute Senra tabernaren aurrean. Esplotazioa borrokatu! Lan baldintza duinak langile guztiontzat lelopean tabernako langileek jasan duten egoera prekarioa salatu dute. 1.000 euroren truke 13, 14 eta 15 orduko jardunaldiak egiten zituzten, atsedenik gabe, hilabetez hilabete. Egoera salatu duten 21 langileak indartsu daudela ziurtatu du sindikatuak: “Prozesu juridikoari aurre egiteko prest daude”.
Dena den, Hondarribiko Senra tabernan lan egiten duten zenbait langile hurbildu dira elkarretaratzera. Azaldu dutenez, tabernari babesa ematera gerturatu dira. Langile horiek LAB sindikatuarekin harremanetan daudela esan du Josefina Roco LAB sindikatuko arduradunak: “Pertsona batek migratzen duenean behar ekonomiko batengatik egiten du askotan, soldata bat izateko beharragatik: alokairua ordaintzeko, jan ahal izateko… Beren egoera legezkotzeko beharrak, desparekotasun egoera batean uzten ditu kontratua negoziatzeko edo eskubideak ezagutzerako orduan. Bestalde, egia da ostalaritzan establezimendu batean egoera ezberdinean dauden langileak egon daitezkeela. Oso zaila da jarraipena egitea, batez ere ez dagoelako borondate politikorik jarraipen hori egiteko. Guk langile horiekin hitz egiten jarraituko dugu, jakin dezaten, prest daudenean sindikatua lagun izango dutela erreminta gisa”.
Egoera hau ez dela gertakari isolatu bat ziurtatu du LABek: “Modus operandi argi bat dago”. Horregatik, xantaia eta promesa faltsuekin aberasten den patronal espekulatzailearekin amaitu behar dela eta langileek inongo tabernetan horrelako trataerarik izatea onartuko ez dutela berretsi dute.