Mendelu auzoaren beharrak zehazteko lan mahaia
Ostegun honetan, Udaletxeko Areto Nagusian gauzatuko da bilera. Dagoeneko bertan landuko dituzten aztergaiak finkatu dituzte.
Abenduaren 22an egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten alderdi guztiek Hondarribia eta Irungo Udalen arteko lan mahai bat sortzea. Mendelu Zaharra elkarteak proposatu zuen mozioa auzoan dituzten arazoei aurre egiteko.
Orain, Udaletxeko Areto Nagusia izango da lan mahai horren topaleku. Ostegun honetan (otsailak 2) bilduko dira Gobernu taldeko kideak, udal teknikariak, talde politiko guztietako zinegotziak eta Mendelu Zaharra elkarteko kideak.
Dagoeneko bertan landuko dituzten aztergaiak finkatu dituzte. Batetik, Mendeluko etxebizitzak birgaitzeko aukera aztertuko dute; bestetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin lankidetzan aritzeko formula finkatuko dute; eta azkenik, auzoa berrurbanizatzeko aukerak aztertuko dituzte.
Gonzalo Carrion Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, lan mahai honek “Mendeluko bizilagunekin auzoaren etorkizuna elkarrekin diseinatzeko hartutako konpromisoarekin aurrera egiten jarraitzen dugula” adierazten du.