Energia plana sortu du Bidasoa Bizirik-ek
Gizartean eta enpresetan trantsizio ekologikoa bultzatzea dute asmo plan honekin. Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen baten parte da.
Bidasoa Bizirik-ek Bidasoa eskualdeko Energia plana garatuko du. Plan horren helburu nagusia eskualde iraunkorrago baterantz aurrera egitea dela adierazi dute.
Trantsizio energetikoko prozesu bat bultzatu nahi dute, eta horretarako, funtsezkoak diren sektoreetan jarduera estrategikoak ezarri nahi dituzte. Proiektu hau Bidasoako Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak sinatutako hitzarmenaren parte da.
Naider Consultores enpresaren laguntza teknikoarekin lan egin dute plana idazteko. Diagnostikoa egiteaz arduratu dira: “Diagnostikoa zein den (eskualdeko eta udaletako kontsumoak, energia-pobrezia, emisioak, berriztagarriak), helburu espezifikoak zein diren eta jarduera programak zein diren aztertuz”.
Proiektua Plasticos de Lezo eta Dinuy enpresetan probatu zuten. Bi enpresen Karbono Aztarna Korporatiboa kalkulatu zituzten, eta hori murrizteko jarraitu beharreko urratsak eman zitzaizkien.
Halaber, aholkularitza eskainiko dute plan honi esker enpresei eta herritarrei energia arloko legeriari dagokionez. Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko ordezkariak nabarmendu du herritarrak laguntzea eta sentsibilizatzea badutela ere xede.