Marlaxka Xake Klubeko talde guztiak lehiatu dira asteburuan
Euskal Ligako eta Gipuzkoako Ligako hirugarren jardunaldietan parte hartu zuten. Hondarribia Marlaxka B taldea etxean aritu zen, gainontzeko taldeak kanpoan.
Joan den larunbatean (urtarrilaren 28an) Euskal Ligaren eta Gipuzkoako Ligaren hirugarren jardunaldiak jokatu ziren. Marlaxkako kideak klubeko izpirituari jarraiki “ondo pasatu, ahal bezain hobekien jokatu eta esperientziatik ikasi” zuten asteburu honetan ere.
Iragan asteko atsedenaren ondoren, asteburu honetan, Hondarribia Marlaxka A taldea leihaeketara itzuli zen. Larunbatean Conteneo talde bilbotarraren aurka aritu zen Patxi Morenok, Josu Tornayk, German Herrerak eta Goio Uriartek osatutako taldea. Lehia estu joan zen eta txandakatze askoren ondoren binako berdinketa lortu zuten. “Joko onaren ildotik goazen seinale” esan du taldeak. Hirugarren urtez ari dira Euskal Ligan lehiatzen (ohorezko mailan).
Gipuzkoako Ligako lehen mailan, berriz, Marlaxka Xake Klubeko bi talde lehiatu ziren: Hondarribia Marlaxka B eta Hondarribia Marlaxka C. Lehenari dagokionez, Hondarribian aritu ziren Flantxeko A taldearen aurka eta “berdinketa edo sari handiagoa lortuko genuela” uste zuten arren 1-3 galdu zuen etxeko taldeak. Jardunaldi honetan ere talde gaztea aurkeztu zuten: Ander Tafall, Aritz Tornay, Igor Antolaguirre eta Iker Tafall. Bigarrenak, berriz, garaipena eskuratu zuen Billabona C taldearen aurka. Taldea Pedro José Pradinik, David Parronek, Julen Etxeberriak eta Hodei Dominguezek osatu zuten.
Hondarribia Marlaxka D hirugarren mailako kategorian aritu zen eta Billabona E taldearen aurka lehiatu eta garaipena eskuratu zuten Saioa Urdangarinek, Andoni Urdangarinek, Haritz Irategik eta Begoña Sebastianek.
Laugarren jardunaldia otsailaren 4an izango da (larunbata da). Hondarribia Marlaxka A, Zornotzaren aurka lehiatuko da; Hondarribia Marlaxka B, Gros Gren aurka; Hondarribia Marlaxka C, ZKE Zarautz Bren aurka eta Hondarribia Marlaxka D etxean arituko da, Domusa Azpeitia Bren aurka.