Euskara Erabilera Plana egin du Real Unionek
2022-2027 epealdian gauzatzeko hiru helburu nagusi eta 32 ekintza zehaztu ditu kirol elkarteak. Udalaren Kalean Bai planaren barruan ariko dira lanean.
Real Union Kirol Elkarteak euskararen erabilera sustatzeko erabilera plana egin du. Irungo Udalaren Kalean bai egitasmoaren barrukoa da iniziatiba, eta 2022-2027 epealdirako baliagarri izango da. Kirol elkarteak lehenengoz egin du euskararen erabilerarako plana. Gaur eman dituzte xehetasunak Euskara arloko ordezkari Miren Etxebestek, eta klubaren presidente Igor Emeryk.
Real Unionen planak hiru helburu ditu jasota: lehenengoa, taldearen hizkuntza-irizpideak zehaztea, eta horiek barneko kideei zein kanpokoei jakinaraztea. Horrekin batera, irizpideak betetzeko neurriak eta baliabideak jartzea eta betetze-mailari jarraipena egitea. Bigarren helburua, euskara planaren gaineko adostasuna lortzea izango da. Azkenik, pixkanaka aurrerapausoak ematea, eta gizartean erakunde elebidunaren irudia zabaltzea. Hori guztia egiteko 32 ekintza zehaztu ditu futbol taldeak.
“Albiste zoragarria”. Horrela definitu du Miren Etxebestek kirol elkarteak egindako urratsa. “Real Union erreferentzia da jende askorentzat gure hirian. Kalean Bairen bitartez udalarekin hitzarmena sinatu zutenean, pauso garrantzitsua suposatu zuen gure hiriko euskararen normalizaziorako, eta prestatu berri duten planari esker, ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago egingo dela”, azaldu du Euskara ordezkariak.
Igor Emery ere gustura azaldu da. Azaldu du euskara euren egitasmoaren ardatzetakoa dela, eta jada lehen pausoak eman dituztela. Adibidez, klubaren komunikazio den-denak elebitan dira, eta webgune berrituaren edukiak euskaraz ere daude. “Gainera, Kalean Bai programarekiko konpromisoa berritu dugu, Euskararen Aholku Batzordearen bileretara joan gara, Euskaraldian parte hartu dugu… euskara klubaren egunerokotasunaren parte da”.
Kalean Bai
Irungo Udaleko Euskara Arloak bultzatuta, Kalean Bai elkarteetan euskara sustatzeko programa da. Duela urte batzuk sortu zen, Irungo aisialdi jardueretan apurka euskararen presentzia areagotzeko asmoz. Hitzarmen bidez, Irungo elkarteek konpromisoa hartu dute beren entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko helburuarekin.
Kalean Bai planaren barruan, euskarari lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen dira, gehien-gehienak doakoak, planari atxikitako edozein elkartek erabil ditzakeenak. Gaur egun, 81 elkarte eta erakundek parte hartzen dute egitasmoan.