Hondarribian jazotako eraso homofoboa gaitzetsi du udalak
Larunbatean gertatu zen eraso homofoboa. Bihar, urtarrilak 31, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea deitu du udalak.
Hondarribian, larunbat gauean, pertsona batek sexu orientazioarekiko umilazioak eta mespretxua jasan zituela, eta fisikoki erasotua izan zela jakinarazi du Hondarribiko Udalak. Ondorioz, “errespetuzko bizikidetza” hautsi dela deitoratu eta larunbatean gertatu zen eraso homofoboa gaitzetsi du: “Antzeko ekintza guztiak giza eskubideen urraketak diren aldetik, lekuz kanpo daude, pertsona guztiok baitugu duintasunez bizitzeko eskubidea”.
Hondarribiko Udalak egindako adierazpenean LGTBIQA kolektiboarekin elkarlanean urteak daramatzatela nabarmendu, eta orain artean aurrerapenak egon direla aitortu duten arren, larunbatekoa bezalako ekintzek “gaur egun, oraindik ere dauden oztopoak eta oraindik egiteko dagoen lana” erakusten dutela esan dute. Horregatik, “aniztasun sexualaren eta pertsonak beren orientazio sexualagatik edo gero identitateagatik ez baztertzearen aldeko politiketan inbertitzeko beharra” dagoela berretsi eta informazio prestakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazio programak zein proiektuak garatzeko konpromisoa adierazi dute: “Sexu askatasunaren alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteak babestuz eta herritar guztiak sentsibilizatzeko kanpainak bultzatuz”.
Eraso honen aurrean, bihar, hilak 31, elkarretaratzea deitu du udalak Martxoak 8 plazan, 19:00etan. Herritarrak bertaratzeko eskatu dute.