Gizalegeaz mintzatzeko, zazpi agente zibil berri
Zazpi agente zibil Irunen barna dabiltza abendutik udal ordenantzan jasotako gaiak herritarrekin partekatzeko.
Agente zibikoak gizalegezko hainbat kontu gogorarazteko kanpaina bat egiten ari dira abenduaren 12tik, eta ekainaren 11ra arte izango dira kaleetan. Gaur egin dute kanpaina honen aurkezpena Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkariak, eta asmo zehatz honetarako kontratatu dituzten zazpi agente eta koordinatzaileak.
Ez da berria kanpaina, 2020 eta 2021ean ere egin zuten halako bat, baina pandemiarekin lotutako gaiei buruz. Hortik jaio zen egun agente hauen leloak diren mezuak, hala nola, “jasotzen dut” eta “errespetatzen dut”.
Kanpaina udal ordenantzetan oinarritzen da, eta herritarrek hura osatzen duten gaiei buruz zenbaterainoko kontzientzia duten jakiteko erabili nahi dute. Sentsibilizatzea da xedea, bada.
“Jasotzen dut” mezua txakurren jabeentzat da, eta beraien ardura den horien gorotzak jasotzeari buruzkoa da. “Errespetatzen dut” mezuak oinezkoentzat, txirrindularientzat eta gidarientzat pentsatuta sortu dute. Azkenik, “elkarrekin bizi gara”, bizikidetza jorratzeko mahai gaineratuko dute.
Taldeak hiru gai horien gainean inkestak egiten ari dira, ekarpenak jasotzen, diptikoak banatzen, herritarrekin aurrez aurre egoten eta zalantzak argitzen.
Agente horiek Irunen erroldatutako zazpi lagun dira, horietatik sei emakume eta gizon bat. Irungo Udalak Lanbidek onartu eta finantzatzen dituen deialdien barruan enplegua sustatzeko ekintzen baitan kontratatu ditu.