[Erreportajea] Errugbian arrastoa uzten
Txingudi errugbi taldeak soilik emakumez osatutako talde bat zelairatu zuen iragan astean. Proiektuaren zimenduak eraikita, hazten eta egonkortzen jarraitu nahi dute orain.
Txingudi errugbi taldeko emakumeek iragan asteburuan argi utzi zuten ahaleginak eta dedikazioak fruituak ematen dituela, soilik emakumez osatutako talde bat zelairatu baitzuten lehen aldiz. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errugbi zelaian jokatu zuten lehen partida hori, Iruñean, 14 eta 16 urtez azpiko Nafarroako selekzioaren aurka. Neurketa galdu arren, emaitza izan zen gutxienekoa, zelairatzea bera garaipena izan baitzen, klubeko kideen hitzetan. “Garaipen kutsua izan zuen porrota izan zen larunbatekoa, bai. Oso giro ona sortu zen bi taldeetako jokalarien artean”. Maider Aizpurua eta Asun Gamindez dira taldeko entrenatzaileak, eta jokalariez “oso harro” daudela azaldu dute: “Entrenatzaile gisa, oso pozik sentitu gara jokalariengatik. Oso ondo eta gogor egin dute lan, eta oso ondo aritu ziren lehen norgehiagokan”.
Taldeak argia larunbatean ikusi bazuen ere, atzeragotik datorren proiektua da Txingudi errugbi taldearena. Aurrera begira, berriz, bi prestatzaileek argi utzi dute lehen norgehiagoka horrek proiektua “egonkortzen eta sendotzen” lagunduko diela. Errugbi jokalari ohiak dira bi entrenatzaileak. “Garai bateko Irungo errugbi taldean jokatu genuen”, zehaztu dute. “Klubetik laguntza eskatu ziguten prestatzaile gisa aritzeko eta proiektua aurrera eramateko. Onartu egin genuen eta taldean murgildu ginen”.
Ikastetxeetara bisitan
Bi entrenatzaileak aukeratuta, jokalariak erakartzeko unea iritsi zen. Prozesu horretan, ikastetxeetara egindako bisitek eta ahoz aho aritzeak “berebiziko garrantzia” izan zutela aitortu du Gamindezek. Horrez gain, gogoratu du antolatu zuten lehen entrenamenduan bederatzi neska elkartu zirela, baina “pixkanaka” neska gehiago batu zitzaizkien, “proiektua handitzen ari zen seinale”. Gaur-gaurkoz, hemezortzi jokalariz osatutako taldea kudeatzen ari dira Aizpurua eta Gamindez, eta gehiago nahi dituzte.
Elkarri erreleboka, harro aipatu dituzte taldekideen izenak: “Maier Aia, Irati Lazkano, Onintza Burgera, Michelle Orozko, Claudia Barbero, Luma Altube, Silvana Ors, Eider Santamaria, June Lastra, Maddi Cabrero, Laida Rodriguez, Lupe Pescador, Maider Diaz, Aitana Garrido, Helene Tristan, Greta Gutierrez, Lorena Cueva eta Paula Purificaçao”. Taldea osatzeko gai izan direla txalotu du Aizpuruak. “Eta aurrera jarrai dezakegula esan dezakegu”.
Taldea sortzeko arrazoiez galdetuta, argi mintzatu dira prestatzaileak: «Badira neskak hamalau eta hamasei urtez azpiko mailetan jokatzen dutenak, baina seniorretarako jauzia ematerakoan, talderik gabe eta jokatzeko aukerarik gabe geratzen direnak. Helburua zen senior emakume talde bat osatzea, neska horiek errugbia utz ez zezaten eta jarraitzeko aukerak izan zitzaten». Gazteak dira jokalari guztiak, 13 eta 17 urte artekoak. Bideari ekin berritan, astean behin entrenatzen zuten, astearteetan, baina dagoeneko astean bitan ari dira errugbia praktikatzen, ostegunetan ere entrenatzen baitute. Taldea osatuta, prestatzaileek argi utzi dute “borrokan” jarraituko dutela aurrerantzean ere, “gero eta neska gehiago gerturatu daitezen errugbira. Emakumez osatutako talde gehiago sortu nahi ditugu gure inguruan”, jakinarazi dute prestatzaileek.
Errugbia probatzeko eta entrenamenduren batera joateko aukera badagoela nabarmendu dute bi entrenatzaileek. “Horretarako, nahikoa da Plaiaundira joatea”, zehaztu dute. “Oso giro ona dago taldekide guztien artean, familia baten modukoa da; konfiantza handia dute euren artean. Hirugarren denbora ere egiten dugu partiden ondoren, eta bidaiak ere bai hala egokitzen direnean. Gauza horiek erakargarriak izan daitezke animatu nahi dutenentzat”.
Jokalariak, “oso pozik”
Entrenatzaileen inguruan dabiltza jokalariak eta horietako batek errugbiaren aldeko aldarria egin du. “Txundituta gelditu nintzen lehen eguneko familia giro gertuko eta erosoarekin, eta taldean jarraitu nahi nuela sentitu nuen. Oso pozik nago egin nuen hautuarekin”.
“Poztasuna, giro ona, lagunak eta ongizate fisikoa ematen ditu errugbiak”, azpimarratu dute prestatzaileek. “Guk garai bateko talde hartan ezagutu genuen elkar, eta hemen jarraitzen dugu oraindik”. “Pertsona oro” ongi etorria dela argitu dute jokalariek eta entrenatzaileek: “Mugarik gabe, espazio seguru batean ariko dira”.
Edozein zalantza argitzeko, txingudirugbyclub@gmail.com helbide elektronikoa eta 627-54 68 64 telefono zenbakia guztien eskura jarri ditu Txingudi errugbi taldeak. Asko saiatuta, proiektuaren lehen harria jarri eta zimenduak eraiki dituzte; orain, hazten eta egonkortzen jarraitu nahi dute denek, emakumeek ere, gizonen pare, errugbirako sarbidea izan dezaten. Txingudi errugbi taldeko emakumeak mugarri dira jada eskualdean, Bidasoan errugbia bizirik dagoen seinale.