Hirugarren anbulatorioaren aldeko mozioa onartu da
Osoko bilkura izan bitartean, udaletxe atarian elkartu dira Osasun Bidasoa plataformakoak eta plan integral bat galdegin dute beste behin.
Osoko bilkura egin da gaur udalbatzan eta puntu nagusienetako bat Oinaurren duela 10 urtetatik Osakidetzarekin hitzartutako anbulatorioaren proiektua egikaritzeko eskaria izan da. PSE-EEk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek-Ezker Anitzak eta PPk adostutako mozioa izan da.
Bozketa egin dute eta EAJ izan da kontra bozkatu duen bakarra, beste alderdi guztiek, hots, hemezortzi zinegotzik babestu egin dute mozioa.
Xabier Iridoi, EAJko bozeramaileak deitoratu du beste udal taldeek aurkeztutako mozioaren helburua ez dela hiriaren osasun beharrak lantzea. Mozioa, plenoa “ring” batean bilakatzeko idaztea egotzi die udal alderdiei, “tranpak egiten irabaztea duzue asmo”. EAJren aurkako beste eraso bat dela salatu du Iridoik.
Alkateak, Jose Antonio Santanok erantzun dio mozioaren funtsa Osakidetzarekin adostutakoa udalbatzara ekartzea izan dela. Gogoratu du duela 10 urte hitzartu zela hirugarren anbulatorio bat eraikitzea, baina gaur gaurkoz inbertsio plana eta egutegiaren falta dutela.
Anbualtorioaren proiektua geldituta dagoela ikusirik, ezin dela aurreikusi noizko egongo den eraikita adierazi dio Santanok Iridoiri. Bestetik, alkateak dio ez duela ulertzen zergatik ez den EAJ moziora batu, eta horretarako eskaera luzatu dio: “Mehatxu bat al da Oinaurren eraikitzen hasteko eskatzea? Plan bat behar dugu eskualdean eta hori da ere eskatzen duguna”.
Gizartean eta politikan nahas-mahasa dagoela iritzi du Santanok, eta horren erantzule egin du Osakidetza, “egin behar dena ez delako egin”. Argitu nahi izan du anabasa ez duela gaur bozkatutako mozioak sortu. “Bihar has daitezke obrekin eta ez dakit zerren esperoan gauden. Beste eztabaida bat hasi behar dugu orain?”.
Osakidetzak oso erraz daukala obrekin nahi izanez gero bihar hasteko dio Santanok. Erdigunean 10.000 metro karratuko lursail bat eskatu zutela eta hortxe prest dagoela.
Osasun Bidasoa plataforma
Osoko bilkura izan bitartean udaletxe aurrean bildu dira herritarrak Osasun Bidasoa plataformak hala deituta. Eskakizuna errepikatu dute: kalitatezko osasun publikoa. Azken urteetan okerrera egin duela iritzi dute-eta.
Espazio falta dagoela gogoratu dute eta barrakoietan arreta eskaintzea onartezina dela diote. Egoera horren aurrean alternatiba falta dagoela salatu dute.
Izan ere, Oinaurren anbulatorio bat eraikitzearen plana duela hamarkada hasi zen eztabaidatzen, eta Osasun Bidasoak dio 500.000 euroko aurrekontu bat jasota zegoela proiektua egin ahal izateko, “baina atzera bota zen eta orain planteatzen den erdiguneko anbulatorio modernoa ez dakigu noiz egingo den ezta egingo den ere ez”.
Ez daogela inolako erantzun zehatzik dauden arazoentzako diote: “Ez dakigu nola izango den ebakuntza gelen obra prozesua. Ez dago opakutasunik, ez dute osasun profesionalekin deus ere kontsultatzen eta susmoa dugu Bidasoa Ospitaleko obren behin betiko proposamena publikatuko dutela”. Hori gerta ez dadin profesionalekin ospitaleko proiektua idaztea galdegin dute.
Itxaron zerrendekin amaitzeko eta Lapitzeko erietxeko espazio faltagatik, Oinaurren lehenbailehen eraikitzea eskatu dute. Itxaropentsu daude plataformako kideak, ebakuntza gelak lekualdatzea gelditzea lortu zutelako, esaterako.