Lan esplotazioagatik elkarretaratzea egingo dute hilaren 31n Hondarribiko jatetxe batean
Egoera irregularrean dauden langileez probestu zen jatetxe katearen jabea, eta 12 eta 15 orduko lanaldiak egiten zituzten langileek.
Astelehenean, hiru pertsona atxilotu zituzten Donostian, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako eta langileen eskubideen aurkako delituak egotzita. Langileak esplotatzen zituzten 12 eta 15 orduko lanaldiak eginaraziz, soldata miserable baten truke.
Hondarribian ere badute lokala atxilotuetakoek, eta gaur LAB sindikatuak salatu du bertan ere langileak esplotatzen dituztela. Horregatik, elkarretaratzea egingo dute hilaren 31n, 11:30ean.
Egoera irregularrean zeuden jatetxe kateko 21 langileak, eta horrek eragindako babesgabetasun egoeraz probestu ziren enpresariak. Bestalde, herrian taberna hori ezaguna dela egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzeagatik gaineratu du LABek.
Esplotazio eredu horren atzean, “arrazakeria, klasismoa, esplotazioa eta gehiegikeriak daude”. Sindikatuak xantaia eta promesa faltsuekin aberasten den patronal espekulatzailearekin amaitu behar dela adierazi du.