[Erreportajea] Txingudi Eskubaloia, kirol egokituan bidea egiten
Pandemia aurreko proiektua bada ere, iaz jarri ziren martxan Txingudi Eskubaloia talde egokituko kideak. Lan gogorra egiten ari dira inklusioaren arloan eta 15 jokalariz osatutako talde bat sortu dute.
Irun hiri eskubaloi zalea dela ezin da ukatu. Ikusi besterik ez dago hirian, eskualdean eta estatuan Bidasoa Irunek duen sona. Baina alde lehiakorretik harago badago beste era batera jarduten ari den talde bat, inklusioaren alde lan gogorra egiten ari dena: Txingudi Eskubaloia klubeko talde egokitua.
2019an abiatu zuten proiektua, pandemiaren aurretik. Izaskun Larruskain da Txingudi Etxemar Alai talde egokituko arduraduna, eta proiektuaren hastapenak azaldu ditu: «Pentsatu genuen gure ildoetako bat eskubaloi egokituko taldea ateratzea zela. Irungo Aurreratu elkartearekin eta Ordiziako errugbi inklusiboko kideekin harremanetan jarri ginen, eta beren esperientziak kontatu zizkiguten. Aurreratuko kideek esan ziguten kirola egin nahi zuen talde bat zegoela. Hor ikusi genuen gure eskubaloi egokituko proiektua egingarria zela».
Proiektuari forma ematen hasi ziren, eta taldea osatzen hasi zirenean, pandemiak dena hankaz gora jarri zuen. Hori dela eta, bi urte geldirik eman zituzten, baina pandemiaren eragin latzenak pasata, berriro ere martxan jarri ziren iaz. Hasieran, saio inklusiboak egiten hasi zirela jakinarazi du Larruskainek, hilabetean behin elkartzen ziren eskubaloian aritzeko, kirol hori proba zezaten. «Poliki-poliki» jendea hurbiltzen hasi zela azaldu du arduradunak, eta hor ikusi zuten talde egokitu bat ateratzeko aukera zutela, probatu zuten guztiak geratu baitziren.
Aurtengoa da taldearen lehen denboraldi ofiziala. Hamabost jokalariz osatuta dago, mistoa da, eta astean behin entrenatzen dute, asteartetan, Eguzkitza BHI ikastetxean, 18:15etik 19:30era. Horrez gain, hilabetean behin, klubeko neska-mutil seniorrez lagunduta, partida inklusiboak egiten dituzte. «Jokalari guztiak bi taldetan banatzen ditugu. Nahastuta jokatzen dute eta asko ikasten dute», zehaztu du. Azkenik, hiru hilabetean behin, txapelketak antolatzen dituzte, beste talde egokitu batzuen aurka.
Taldeko arduradunak aitortu du «ondo moldatzen» direla, eta taldearen ateak denentzat irekiak daudela: «Talde bezala ari dira aurrera egiten. Piña bat dira, eta elkarri ikaragarri laguntzen diote. Oso aberatsa da hori».