Bidasoa Bizikletaz proiektua pedalkadak ematen hasi da
Balazta, Badoa eta Recycl'Arte elkarteek antolatuta, hiru ekitaldi nagusi eta hamabi tailer antolatu dituzte otsailetik ekainera bizikleta mugikortasuna sustatzeko xedearekin.
Bidasoa Bizikletaz proiektua martxan da, eta gaur goizean aurkeztu dituzte programaren nondik-norakoak Txingudi Ekoetxean Balaztako Imanol Agirrek eta Pilar Bertizek, Badoako Fer Romerok eta Jones Agarak eta Recycl’Arteko Claire Dutrillauxek. Lehenik eta behin, Balaztako Imanol Agirre kideak hartu du hitza, eta proiektua nondik datorren azaldu du: “Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Ideiak’ izeneko deialdi bat atera zuen, eta Balazta, Badoa eta Recycl’Arte elkarteak bildu ginen proiektu bat proposatzeko. Lehiaketa moduan planteatu zuten, eta boto gehien lortzen zituen ekimena diruz laguntzen zuten. Gure proiektua gailendu zen”.
Agirrek gaineratu du proiektuaren helburua “gure inguruko bizikletako mugikortasuna sustatzea eta bultzatzea” dela, eta Pilar Bertizek “mugikortasun hori bultzatzeko bidegorri onak” aldarrikatu ditu. Helburu horiek betetzeko eta bistaratzeko, programazio anitz eta zabal bat antolatu dute datozen hilabeteetarako. Orotara, hiru ekitaldi nagusi eta eta hamabi tailer ondu dituzte, Irunen, Hondarribian eta Hendaian gauzatuko direnak, otsailaren 7tik ekaina bukaerara. Honakoa da egitarau oso-osoa:
Lehen ekitaldia azaroaren 25ean egin zuten Hendaian. Beste biak, ordea, egitekoak dira. Horietan lehena Irunen egingo da martxoaren 25ean. Bertan, Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako bizikletarekin zerikusia duten elkarteen topaketa bat egingo dute Palmera Monteron, egun osoko programazioan. Esperientziak ezagutzeko, ideiak partekatzeko eta elkarteengandik ikasteko aukera izango dutela eutsi dute antolatzaileek.
Azken ekitaldi nagusia Hondarribian egingo da maiatzaren 14an. Bizi Bizikleta izenburupean, eguna jai giroan ospatzeko aldarria egin dute Fer Romero eta Jones Agara Badoako kideek. Egun horretan hiru zutabe egingo dira Irun, Hondarribia eta Hendaiatik, eta Hondarribian bilduko dira parte hartzaile guztiak. Egun horretan Hondarribirako bidean bidegorrien egoeraren eta bizikletaz ibiltzeko beste espazioen balorazioa egingo da, leku bakoitzaren alde positibo eta negatiboak aztertuz.
Tailerrei dagokionez, sei Irunen egingo dira, bi Hondarribian eta lau Hendaian. Kalean zein Balaztaren egoitzan gauzatuko dira ikastaroak. Hauexek dira:
Irun
- Otsailak 7, 21 eta 28, 17:00etatik 20:00etara, Balaztan: Prestakuntza.
- Martxoak 4, 1. Auzoetako tailerra, Moskun: Bizikletaren autokonponketa tailerra, jendearentzat irekia. Recycl’Arte eta Balaztaren eskutik.
- Apirilak 4, 2. Auzoetako tailerra, Larreaundin: Bizikletaren autokonponketa eta bide publikoan zirkulatzeko irteera tailerra. Emakumeentzat. Balaztak emana.
- Maiatzak 6, 3. Auzoetako tailerra, Arbesen: Bizikletaz jolasteko tailerra eta bizikletaz paseatzeko aukera. Badoaken eskutik.
Hondarribia
- Maiatzak 15, 1. Auzoetako tailerra: Bizikletaren autokonponketa eta bide publikoan zirkulatzea. Emakumeentzat. Recycl’Arte eta Balaztaren eskutik.
- Maiatzak 16, 2. Auzoetako tailerra: Bide publikoan zirkulatzea. Emakumeentzat. Balaztak emana.
Hendaia
- Ekaina: Bizikletaren autokonponketa tailerrak. Recycl’Arteren eskutik.