Inbertsioen plangintza zein den galdetu diote Osasun Sailari
Positibotzat baloratu dute udal talde guztiek, EAJk izan ezik, Osasun Sailaren atzoko erantzuna, baina Oinaurreko plana lehenestearen aldekoak direla defendatu dute berriz ere.
Atzo Osasun Sailak adierazi zuen Irungo erdigunean zerbitzuak zabaltzea dela haien politiken lehentasuna, Oinaurreko proiektua alde batera utzi gabe. Via Irun 2030 proiektuan beste zentro modernoago bat egitea du asmo Eusko Jaurlaritzak, Irungo EAJk aurreratu zuen gisan.
Gaurkoan berriz elkartu dira udalbatza osatzen duten talde guztiak, EAJ izan ezik, Jaurlaritzari erantzuteko, eta “oso positibo” baloratu dute egindako proposamena. Erietxe batean inbertitzeko 8.500 metro koadro behar badira, “Oinaurre zalantzarik gabe, irtenbiderik onena eta azkarrena” dela diote. Auzo berri horretako partzelak 9.700 metro koadro ditu.
Jaurlaritzak Irunen lehen arreta indartzeko duen plan estrategikoa jasotzen duen dokumentu ofizialaren esperoan daudela salatu dute, “hiriaren osasun beharrak definitzeko eta plan hori aurreikusitako jarduketen eta inbertsioen egutegi batean islatzeko”. Gainera, lursaila erreserbatuta dagoenez, anbulatorio berri bat “berehala” planifika daitekeela iritzi dute.
Oinaurreko proiektua “etorkizuneko hazkunde eremua” dela adierazi zuen atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, baina udal taldeek diote adierazpen horiek “ezjakintasunaren ondorio” direla: “Izan ere, Oinaurre gune finkatua da, hiriko auzo askoren erdigunea, hala nola, Katea, Anaka, Belaskoenea eta Elitxu, hain zuzen ere, zentroak eskaintzen die zerbitzua auzo horiei, eta 1.000 metro eskasera dago”. Irun eta Oinaurreko lursaila bisitatzeko gonbita luzatu diote Sagarduiri.
Bestalde, Dunboako anbulatoriorako barne-berrantolaketa plan bat dutela aurreratu zuen atzo Jaurlaritzak, “egungo eta etorkizuneko jarduerak garatzeko espazioak liberatzeko”, eta hori ere positibotzat baloratu dute udal taldeek. Beharrezkoa eta premiazkoa dela diote udal alderdiek.
Erdiguneko anbulatorioa handitu daitekeela defendatu dute udal taldeek: “Zentroko anbulatorioak 2.100 m2 ditu gaur egun, baina 1.455 m2 gehiago har ditzake lursail horretan bertan, eta horrek 3.500 m2 baino gehiagoko anbulatorio bat izatea ekarriko luke”. Ekipamendu hauetan premiaz jarduteko beharrak dituztela diote, “eta nahikoa da gaurko adibidea zeinetan barrakoi-guneetako kontsultak bertan behera utzi behar izan dituen hotzak”.
Biharko osoko bilkuran berretsi egingo dute ia udal talde guztien jarrera.