Antzerki denboraldia indartsu hasi da
Antzerkizaleek hitzordua dute otsailaren 5ean, Amaia KZn. Ganso & Cia konpainiako kideek Muna ikuskizuna antzeztuko dute.
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, otsailaren 5ean, igandea, Muna ikuskizuna antzeztuko dute Ganso & Cia konpainiako kideek Amaia KZn, 17:00etan. Antzerkizaleek hitzordua dute.
Antolatzaileek azaldu dute hitzordu “berezia” izango dela. Etxeko txikiei eta nagusiei zuzendutako keinu bidezko emanaldi bat da, musika, argia eta kolorea uztartzen dituena. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Amaia KZko webgunearen bidez. Horrez gain, aretoko txarteldegian bertan ere erosi ahal izango dira emanaldiaren egunean bertan, saioa hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada. Txartelen prezioa bost eurokoa da.
Muna ikuskizuna
Muna lurpean bizi da, basoko animalia bat bezala, uharte batean harrapatua dagoen naufrago bat bezala. Goizero, parkean gora eta behera ibiltzen da, altxor ahaztuen bila. Egunero kopla bera, harik eta egun batean ilargiraino igotzeko modua bilatzea erabakitzen duen arte.
Muna ikusi eta entzuteko txango bat da, oparia baztertu eta kaxarekin jolasean aritzen direnentzat. Bidaia bat erlojurik, ezinezkorik eta araurik gabeko leku batera, musikan, argitan eta koloreetan murgilduta.