Osasun Sailaren lehentasuna Irungo erdigunean zerbitzuak zabaltzea da
Oinaurren hirugarren erietxea eraikitzea ez du baztertu Jaurlaritzak, baina erdigunean zentro modernoago bat eraikitzea da haien lehentasuna.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu egin du Irunen zein asmo dituen lehen arretari dagokionez, eta lehentasuna hiriaren erdiguneko osasun zerbitzuak zabaltzea dela diote, “bertan biltzen baitira biztanle gehienak”. Asmo hori alkateari azaldu zion Gotzone Sagardui sailburuak 2022ko azaroaren 9 eta urtarrilaren 18ko bileretan.
Jaurlaritzak ez du baztertu Oinaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzearen plana, baina errepikatu egin dute azpiegituretan esku hartzea Irungo herri erdian dela beharrezkoena kalitatea hobetzeari erreparatuta: “Aukerarik onena zerbitzua baldintza onenetan eskaintzeko nahikoa leku izatea da”.
Egungo zentroa handituko balitz, lehen mailako arreta hobetuko litzatekeela onartu dute, baina zerbitzu berriak eskaintzeko aukera ez litzatekeela egongo diote. Erietxe moderno eta berria eraikitzeko 8.500 eta 10.000 metro karratuko lursail bat behar dela zehaztu du Jaurlaritzak.
Bada, espazioaren handitzeak zerbitzuaren eskaintza zabaltzea ekarriko luke, eta horrela, “herritarrek beste osasun-baliabide batzuetara bidaltzea” saihestuko litzatekeela ondorioztatu dute. “Helburua da Irunen osasun zentro moderno bat izatea, lehen mailako arretako zerbitzuen zorroa eta profesionalen ebazpen-gaitasuna handitzeko aukera emango duten instalazio eta teknologia eguneratuekin”.
Bestalde, Dunboako erietxearen barne-berrantolaketa aurreikusi dutela aurreratu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak, “egungo eta etorkizuneko jarduerak garatzeko espazioak liberatzeko”.
Azkenik, Osasun Saila eta Osakidetzak Irungo Udalaren hirigintza alternatiba aztertzeko udalaren informazio esperoan dagoela esan dute, “osasun ikuspegitik eta zerbitzuak emateari” lotutako xehetasunak, alegia.