Etxebizitzak beharrean naturagunea nahi du EAJk Azken Portun
Irungo Udalak eremu horretan 350 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du, eta EAJk "naturaguneen koexistentzia eta lotura" errespetatuko duen plana nahi du.
Iragan astean begiraleku bat sortuko zutela Azken Portun iragarri zuen Irungo Udalak, eta “pozteko” albistea den arren, “deigarria” dela Bidasoaren aurpegia berreskuratzearen alde lanean dabiltzala esatea dio EAJ-PNVk, “aldi berean, Recondon, 200 etxebizitza eta baita Lastaola Postetxean ere, beste 150 etxebizitza aurreikusi dituztelako”.
Lastaola Postetxea karrikako etxebizitzetatik 75 Faisaien uhartearen parean egongo dira, “ingurune natural eta pribilegiatuan”. Horrekin ados ez eta jeltzaleek bizilagunekin hitz egin ondoren, proposamen hori erdira murrizteko eskakizuna egin zuten, “naturaguneen koexistentzia eta lotura errespetatuz”.
Inguru hori herritarrek aprobetxatzekoa dela uste dute, eta berdegune eta zuhaiztiak landatzea proposatu dute. “Baina, tamalez, alkateak aurrera jarraitzen du ahalik eta gehien eraikitzeko planteamenduarekin”.
Zentzurik ez diote ikusten alderdi jeltzaleko kideek udalak Bidasoa ibaia berreskuratzeko nahia adierazi, eta ibaiaren ertzean eraikinak eraikitzeko plana izateari. Bien bitartean, oinezkoentzako edo bizikletentzako ibilbide bat ahalbidetzea defendatuko dutela azaldu dute, eta horretarako, aukerak aztertu eta proiektu ezberdinak proposatu dituztela diote.