XLV. Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien edizioa iragarri dute
Eleberri eta olerki onenak sarituko dituzte, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz idatzitakoak. Lanak martxoaren 13a bitarte aurkez daitezke.
Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien 45. edizioaren berri eman du gaur Kutxa Fundazioak. Hartara, jatorrizko lanak bidali daitezke dagoeneko, martxoaren 13a baino lehen.
Bi urtetik behin banatzen diren sariak dira Irun Hiriarenak, eta eleberri eta olerki modalitateetako idazleak saritzen dituzte. Espainian bizi diren euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleei zuzenduta dago.
Guztira 70.000 euroko aurrekontua dute, lau sarietan banatuta daudenak: eleberria eta olerkia euskaraz, eta eleberria eta olerkia gaztelaniaz. Bestalde, epaimahaiak hala baloratzekotan, Aipamen Bereziren bat egin dezakeela aurreratu dute antolatzaileek.
Oinarri guztiak lotura honetan kontsulta daitezke, baina oinarrizkoei dagokienez olerkien kategorian, errima, neurri eta gai askotariko lanak aurkez daitezke, baina gutxienez 800 bertso izan behar ditu obrak; bi irabazleetako bakoitzak 15.000 euro eta garaikur bat eramango ditu.
Eleberri modalitatean, gai eta narrazio libreko lanak dira lehiaketan parte har dezaketenak, baina nahitaez 150 orri izan behar ditu gutxienez lanak. Saria idazle bakoitzarentzat 20.000 eurokoa izango da, baita garaikur bana ere.
Irabazleak nor diren irailaren 9an jakinaraziko dute, Irungo Udalean egingo den ekitaldi batean. Aldiz, sari banaketa azaroaren 24an izango da eta aurrerago emango dituzte horren gaineko xehetasunak.
Lau mahaien bueltan elkartuko dira lehiaketaren epaileak:
- Eleberria gaztelaniaz: Luisa Etxenike Urbistondo, Manuel Vilas eta Jon Bilbao Lopategi.
- Eleberria euskaraz: Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde Uria eta Arantxa Urretabizkaia Bejarano.
- Poesia gaztelaniaz: Manuel Rico Rego, Antonio Colinas Lobato eta Raquel Lanseros.
- Poesia euskaraz: Lourdes Otaegi Imaz, Ibon Egaña Etxeberria eta Felipe Juaristi Galdos.