Udal gobernuak etxea galtzear den irundarra babestuko du bihar Donostian
Cristina Laborda eta David Nuño ordezkariak Donostiako elkarretaratzean izango dira bihar irundarrari sostengua eta babesa emateko.
Angel Miguel Medrano 80 urteko irundarra etxea galtzear da, eta etxegabetze hori salatzeko eta eragozteko, elkarretaratzea deitu du Kaleratzeak STOP plataformak bihar, asteartea, 11:00etan, Donostiako Askatasunaren etorbideko 21. zenbakiko Sabadell bankuaren aurrean.
Zaurgarritasun egoeran dagoen irundarrari babesa eta sostengua ematen Irungo udal gobernuko Cristina Laborda eta David Nuño ordezkariak izango dira. Irungo Udalak jakinarazi du udaleko gizarte zerbitzuak gizon horren kasua lantzen ari direla duela urte batzuk egoeraren berri izan zutenetik. Udalak azaldu du ezarritako bideetatik kudeatu dutela kasua, egoeraren arabera egokiak ziren baliabideak aktibatuz eta beharrezko izapide guztiak eginez pertsona horren egoera hobetzen saiatzeko.
Laguntza horien ondorio gisa, udalak baietsi du duela hiru urte hainbat izapide gauzatu zituela, eta horiei esker, etxebizitzan geratzeko luzapen bat lortu zuela. Udalak epaitegiekin koordinatzeko protokoloa bete duela esan du, pertsona horren zaurgarritasuna egiaztatzeko txostenak eginda. Prestazio ekonomikoak eta gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini dizkio.
Udala herritarrarekin eta Kaleratzeak STOP plataformarekin koordinatua dagoela adierazi du. Horrez gain, egoeraren gainean daudela azpimarratu dute, eta eskura dituzten izapide guztiak egiten ari direla hiriko bizilagunaren ongizatea lortzeko.