Podemos Ahal Duguk hasiera eman dio hauteskunde urteari
Udal hauteskundeetara begirako lehen batzar irekia egin zuen alderdi moreak larunbatean David Nuño alkategaiarekin.
2023ko udal hauteskundeak gero eta gertuago daude, eta Irungo Podemos Ahal Duguk ofizialki hasiera eman zion larunbatean hauteskunde urteari batzar ireki batekin. Militanteek, izena eman dutenek eta jarraitzaileek alderdiaren zerrenda osatuko duen taldea ezagutzeko aukera izan zuten.
Irekiera ekitaldi horretan David Nuño alkategaiak hartu zuen parte, eta bertatik pasa ziren guztiek udal taldearen proiekturako galderak eta proposamenak partekatu ahal izan zituztela jakinarazi du Irungo alderdi moreak.
Topaketak “oso harrera ona” izan zuela eutsi dute antolatzaileek, eta honakoa nabarmendu zuen Nuño alkategaiak: “Irungo Podemos Ahal Dugun oso militantzia aktiboa dugu, eta hori eskertzekoa da, indar hori gabe ez baikinateke izango gaur egun garena. Dagoeneko duten inplikazioak eta hemendik aurrera izango duten inplikazioarekin errealitate bihurtuko dira hauteskundeetako ditugun asmoak, eta, zergatik ez, gainditu ere egin litezkeelakoan gaude. Maiatzaren 28a iristeko gogo handia dugu; izan ere, ahalegin osoa egingo dugu eraldatzen duen indarra geu garela erakusteko”.
Estatuko Podemosen antzeko bidea
Irungo Podemos Ahal Duguk estatuko Podemosen antzeko bidea jarraitu duela baietsi dute. 2015ean Si Se Puede Irun markarekin udalean sartu zirela gogorarazi dute, eta oposizioan egon ziren 2019 arte. 2018an, udal gobernua hautsi zenean, agintaldia bukatu arteko jarrera aldatu zutela aipatu dute: “Oposizioko bloke tinko gisa aritu ginen hauteskundeetara arte, eta hor konturatu ginen, erantzukizunagatik, posizio eraikitzailea izan behar genuela”.
Espainiako gobernuan egin bezala, Irungo Podemos Ahal Duguk Irungo Sozialistekin ituna sinatu zuen 2020ko abenduan haiekin batera udal gobernuan aritzeko. Gizarte ongizatea, berdintasuna eta euskara arloak hartu zituzten beregain alderdi moreko ordezkariek, eta alderditik argi dute: “Orain beharrezko esperientzia hartu dugu proiektu ilusionagarri honen buru izaten jarraitzeko, indar eraldatzailea izaten jarraitu nahi baitugu”.