Hondarribia Arraun Elkarteko gazteek emaitza onak eskuratu dituzte Gipuzkoako Txapelketan
Etxean lehiatu ziren atzo Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlari gazteak. Urrezko hiru domina, zilarrezko lau, brontzezko bi eta laugarren sei postu eskuratu zituzten.
Aulki mugikorreko distantzia luzeko Gipuzkoako txapelketa jokatu zen atzoko egunez Bidasoa Ibaian, eta oso emaitza onak eskuratu zituzten Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek. 73 arraunlari lehiatu ziren eta guztira urrezko hiru domina, zilarrezko lau, brontzezko bi eta laugarren sei postu eskuratu zituzten. Txapelketatik at beste lau lehen postu eskuratu zituzten, baina txapelketa izateko gutxienez hiru ontzi behar direnez, ez ziren txapelketaren barruan izan.
Senior gizonezkoetan, zortzikoan, bigarren postua eskuratu zuten hondarribiarrek garailearengatik (Orio “A”) 3 segundotara. Elkartetik adierazi dutenez eskifaia osatu zuten kirolarien bataz bestekoa 20 urtekoa da: “eskifaia oso gaztea da”. Hauek izan ziren zortzikoa osatu zuten kirolariak: Mattin Colas, Iker Huarte, Aimar Kanpandegi, Xabier Olaskoaga, Xabier Salaberria, Ibai Camarero, Beñat Egiazu, Xabier Irigaray eta Iker De La Linde (lemazaina).
Aulki mugikorreko hurrengo hitzordua Hondarribian izango da asteburu honetan bertan (hilak 29). Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketa jokatuko dute eta goizeko 09:00etan hasiko da.
Hauek dira asteburuan lortutako emaitzak:
- Urrezko dominak: Infantil gizonezkoetan skull bikoitza modalitatean, infantil emakumezkoetan skull bikoitzan eta jubenil gizonezkoetan skull bikoitzan.
- Zilarrezko dominak: Senior gizonezkoetan zortzikoan lemazainarekin, jubenil gizonezkoetan lemazain gabeko bikoan, kadete emakumezkoetan binako laukoan eta kadete emakumezkoetan skiff modalitatean.
- Brontzezko dominak: Infantil emakumezkoetan skull bikoitzan “B” ontzia eta jubenil gizonezkoetan skull bikoitza “B” ontzia.
- Laugarren postua: Kadete gizonezkoetan binako laukoan, kadete gizonezkoetan skull bikoitzan, kadete emakumezkoetan binako laukoan “B” ontzian, infantil gizonezkoetan skull bikoitzan “B” ontzian, jubenil gizonezkoetan skiff modalitatean eta jubenil emakumezkoetan skull bikoitza modalitatean.