Asteburu historikoa Txingudi Errugbi Taldearentzat
Emakume seniorren taldea sortzeko proiektuak aurrerapauso handia eman zuen, lehen aldiz zelairatu baitziren larunbatean. Bestalde, senior mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten eta sendo mantentzen dira sailkapeneko bigarren postuan.
Asteburu historikoa izan da Txingudi Errugbi Taldearentzat, iaz abiatutako emakumeen senior taldea sortzeko ahaleginak argi berdea ikusi baitu. Larunbatean zelairatu ziren lehenengoz neska errugbilariak talde bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zelaian. Bidasoarren taldea 13 eta 16 urte bitarteko neskez osatuta dago, eta Nafarroako 14 eta 16 urtez azpiko selekzioa izan zen arerioa.
Txingudiren aldetik Michelle Orozco, Irati Lazkano (kapitaina), Paula Da Purificaçao, Onintza Burgera, Lupe Pescador, Maier Aia, Greta Gutierrez, Eider Santamaria, Laida Rodriguez, Lorena Cueva eta Silvana Orse jokalariek jokatu zuten. Hamabostekoa osatzeko sei jokalari nafarren laguntza izan zuten bidasoarrek.
Hasierako “hunkidurak eta urduritasunak” jokoan behar bezalako arretarekin sartzea eragotzi zien Txingudiko jokalariei, baina minutuak pasa ahala, konfiantza irabazi zuten defentsan “lan txukuna” eginez. Bigarren zatia kontzentrazio handiagoarekin hasi zuten bidasoarrek, eta euren jokoak “nabarmen” egin zuen gora. Nafarren prestaketa eta esperientzia, baina, “erabakigarria” izan zen bidasaorren erasoak atzera botatzeko, baina Maider Aizpurua eta Asun Gamindezen neskek ez zuten etsi eta gogoz mantendu ziren partida bukaerara arte.
“Hunkigarria izan da, oso harro eta pozik gaude gaur neskek egindako lanarekin. Jokatzera sartzeko gogoak izan ditugu”, esan zuten Txingudiko entrenatzaileek partida bukaeran. Izan ere, egungo Txingudiren aitzindari izan zen RC Irun taldeko kide izan ziren biak, 1996tik 1999ra Emakumezkoen Euskal Liga jokatu zutenak. “Gaur hamaika jokalari izan ditugu eta beste bost falta izan zaizkigu, hauetatik hiru Gipuzkoako selekzioarekin. Oinarri sendoa sortzen ari gara eta hemendik gora besterik ezin dugu egin”, adierazi zuen Aizpurua prestatzaileak.
Senior gizonak, sendo
Emakume seniorren lehen partida historikoaz gain, Txingudiko senior mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten larunbatean Plaiaundin La Unica B taldearen aurka (27-12). Garaipen horrekin sailkapeneko bigarren postuan sendo jarraitzen du Txingudik.
Zelaiaren egoera “kaxkarrak” eta giro hotzak “nabarmen” eragin zien bidasoarrei neurketa hasieran. Hamahirugarren minutuan, baina, “nagiak kendu” ondoren, Alberto Robledak partidako lehen entsegua lortu zuen, Txingudi markagailuan aurretik jarriz. Lehenengo puntu horiek aurkarien erreakzioa ekarri zuten Plaiaundira, eta hamazazpigarren minutuan markagailua berdintzea lortu zuten (5-5). Berdintasun horren ondorengo joan-etorriek norgehiagoka “lehia bizian” mantendu zuten, baina Txingudi izan zen markagailua mugitzea lortu zuen bakarra. Hogeita laugarren minutuan, Adur Manterolaren eraldaketak eta Ekain Hiribarrenen entseguak aurretik jarri zuten Txingudi, eta 12-5eko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, ordezko jokalariek taldea “indarberritu” eta partida “kontrolpean” izan zuen Txingudik. 42, 45 eta 66. minutuetan, Mikel Genuak, Teo Arrutik eta Adur Manterolak marka bana lortu zuten markagailuan 22 puntuko aldea ezartzeko (27-5). Azken jokaldietan, baina, La Unicak ohorezko entsegu eraldatua lortu zuen, eta 27-12ko emaitzarekin bukatu zen partida.