Abotsanitzek bilera irekia deitu du ostegun honetarako
Bilera irekian 2023ko Udal Hauteskundeak izango dituzte hizpide. Hondarribiarren ideiak, proposamenak, iradokizunak zein kexak jaso nahi ditu udal taldeak.
Abotsanitzen sorreratik herritarren ahotsa izan da udal taldearen lanketa politikoaren oinarria: “Horrela egin izan dugu azken urteetan jorratutako Auzoka kanpainarekin edota herriko eragile ezberdinekin izandako hainbat bilerekin”. Parte hartze aktiboari esker jasotako ideia eta proposamenekin “dozenaka mozio eta aurrekontuetarako proposamen ugari” egin dituzte urte hauetan guztietan.
Horrenbestez, 2023ko Udal Hauteskundeei begira ere prozedura berbera jarraitu nahi dute. Ostegunerako deitu duten bilera irekian, lehenenik, azken urteetan jarraitutako lan ildo nagusien azalpena egingo dute, hala nola, etxebizitzen problematika, Alardea eta berdintasun alorreko gertakariak, ekonomia eta Hondarribiko lan merkatua gaiei helduko diete. Azalpenen ondoren, Hondarribiarrek izan ditzaketen ideiak, proposamenak, iradokizunak zein kexak jasoko dituzte.
Horregatik guztiagatik ostegunean (hilak 26) 19:00etan Kultur Etxeko areto nagusian egingo duten bilera irekian parte hartzera gonbidatu nahi dituzte hondarribiarrak.