Mugikortasun jasangarriari begirako mahaia
2022an udaletik bultzatutako mugikortasunaren alorreko lanak errepasatu eta urte berrirako dituzten erronkak eta egitekoak aztertu zituzten.
Atzo arratsaldean Udaletxeko Areto Nagusian elkartu ziren udal taldeetako zinegotziak hogei hiritarrekin batera. Elkarrekin eta dinamika ezberdinen bidez, 2022an udaletik bultzatutako mugikortasunaren alorreko lanak errepasatu eta urte berrirako dituzten erronkak eta egitekoak aztertu zituzten.
Lehenik udalak 2022an egindako lanen zerrenda aurkeztu zuen: Mugikortasun Ordenantza onartu; Hondarribia bidez-bide ekimena sortu; Talaia Alai proiektua lantzen jarraitu; autobus zerbitzuen aldaketa Aldundiarekin batera; Bizibusa programa mantendu; Hondarribia Kalez Kale Hobetzen…
Bigarrenik 2023ari begira dauzkaten asmo eta erronkak aipatu zituzten: Kalez Kale Hondarribia hobetzen programa amaitzea; bizikletak garbitzeko gune bat sortzea; auto elektrikoentzat karga puntu bat sortzea; sentsibilizazio kanpainekin jarraitzea… Ondoren, parte hartze tailerra egin zuten: bi mahaietan banaturik 2022an egindakoa eta 2023an egin nahi dena xeheago aztertu zuten.
Azkenik mugikortasun mahaiak duen izaeraren inguruan mintzatu ziren, zer eta nola hobetu edo aldatu daitekeen hausnartzeko.