Irungo anbulatorio handi berria, Sagarduiren agendan
Jeltzaleek azaldu dute hilabeteak daramatzatela lanean "proposamen bideragarri eta errealista" bat egiteko, eta Santanori eskatu diote "ez dezala hiriarentzat onuragarria den proposamen baten garapena blokeatu".
Irungo EAJk iragarri du Irungo anbulatorio handi berriaren proposamena Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agendan sartu dutela.
Jeltzaleek azaldu dute hilabeteak daramatzatela lanean osasun arloko profesionalekin eta arkitekto adituekin, “proposamen bideragarri eta errealista” bat egiteko. Prozesu horren ondoren, proposamen “serio eta zehatza” egin dutela nabarmendu dute, “irundarrekin batera landutakoa, beraien eskaerak barneratzen dituena”.
Irungo EAJk eskerrak eman nahi dizkio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari Irungo “zerbitzuak hobetzeko dauden aukera guztiak aztertzeko prest egoteagatik”.
Halaber, Jose Antonio Santano alkateari “irundarrei anbulatorio handi bat zentroan izateko aukera ez kentzeko” eskaera egin diote: “Oinaurrekoa bai, baina anbulatorio berria, modernoagoa, zerbitzu gehiagorekin, erdigunean dagoena eta ondo konektatua, baita ere. 4-5 urteren buruan errealitate izan daitekeena eta Osasun sailak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituena”.
Hori dela eta, alkateari eskatu diote “ez dezala hiriarentzat onuragarria den proposamen baten garapen blokeatu”. “Hainbeste irundarrek eskatzen duten proiektua eta Osasun Bidasoa plataformak baztertzen ez duena. Irunek agente laguntzaile bat behar du. Ez da alderdi kontuetarako unea, Irungo garaia da”, gaineratu dute jeltzaleek.