Bidasoarrek buru-belarri jarraitzen dute prestatzen ligako itzulera. Gaur Artalekuko ateak irekiko dituzte zaleek taldearekin berriro bat egiteko. 18:30etik aurrera sartu ahal izango da pabiloira.
Asobal Liga Munduko Txapelketagatik etenda badago ere, Bidasoa Irunek gogor prestatzen jarraitzen du itzulera. Bidasoarrek Benidorm jasoko dute Artalekun otsailaren 3an, ligako 16. jardunaldian, 21:30ean.
Jacobo Cuetararen mutilek ez dute atsedenik izan azken asteetan, eta gaur dute hurrengo entrenamendua, 19:30ean. Gaurkoa, baina, berezia izango da, jarraitzaileek zuzenean ikusi ahal izango baitute talde bidasoarra. Klubak ordubete lehenago irekiko ditu Artalekuko ateak, 18:30ean, zaleek berriro taldearekin bat egiteko.
Jokalariak zaleen esanetara egongo dira 19:00etatik entrenamendua hasi arte, argazkiak ateratzeko, sinadurak lortzeko eta 2022-2023 denboraldiko posterra eskuratzeko. Jakub Skrzyniarz, Mehdi Harbaoui, Rodrigo Salinas eta Matheus Francisco da Silva mundialistak izan ezik, gainontzeko jokalariak jarraitzaileekin izango dira, Pedro Pacheco fitxaketa berria barne.
18:30etik aurrera Artalekura hurbiltzen direnek ostegunetako pintxo poteaz gozatzeko aukera izango dutela aurreratu du klubak. 2,50 euroren truke, tortilla pintxo bat eta garagardo bat eskatu ahal izango dira, eta 2 eurogatik, freskagarri edo ur botila bat eskatzeko aukera egongo da.
Klubaren denda Artalekuko partida egunetan dagoen tokian egongo dela iragarri du klubak. Bertan, joko eta entrenamenduko kamisetak, BDS lerroko arropa eta klubeko hainbat produktu erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Erosketa guztiek deskontua izango dute eta bazkideei %10eko ohiko beherapena gehituko zaie.
Otsailetik denboraldi bukaerara, Bidasoak Asobal Ligako zortzi neurketa jokatuko ditu Artalekun: Benidorm, Torrelavega, Bartzelona, Logroño, Cisne, Ademar, Cuenca eta Puente Genil.