Ligako bigarren itzulia hasiko du Real Unionek larunbatean. Partida zaila izango dute, lidergoan den Eldense jasoko baitute Stadium Galen, 19:00etan. Txuribeltzek ezin hobe bukatu zuten lehen itzulia iragan astean Lezaman Athletic B menperatuta (0-1), eta garaipen horri jarraipena ematen ahaleginduko dira irundarrak. Momentu honetan, sailkapeneko hamaikagarren postuan dira txuribeltzak, igoera postuetatik lau puntura eta jaitsieratik hirura, hortaz, gakoa izango da neurketa irabaztea jaitsiera postuetatik urruntzeko.
Txapelketaren bigarren itzulia hastear dela, Real Unionek denboraldi erdiko abonatuen kanpaina abiatu du, familia unionista hazten jarraitzeko helburuarekin. ‘Abonatu zaitez familia txuribeltzera!’ lelopean, klubak %50era jaitsi ditu abonuen prezioak gelditzen den denboraldi zatirako:
- Tribuna Nagusia: 75 euro helduak, 63 jubilatuak eta 50 gazteak eta haurrak.
- Ekialdeko Tribuna: 50 euro helduak, 45 jubilatuak, 38 gazteak eta 20 haurrak.
- Preferentzia: 20 euro heldu eta jubilatuak eta 10 gazte eta haurrak.
Abonu berrien alta klubaren bulegoetan egin ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era. Real Unionen webgunearen bidez ere egin daitezke Fan Kluba atalaren bidez, eta Egin zaitez harpidedun estekan sakatuta. Bertatik erabiltzailea bete eta bidali beharreko formulario batera bideratuko du interesduna.
Mario Capelete, Ourensera
Real Unionek jakinarazi du Mario Capeletek utzita jokatuko duela Ourensen denboraldi bukaera arte. 2012-2013 denboraldian debuta egin ondoren, 157 partida jokatu ditu txuribeltzekin ligan, Federazio Kopan eta Errege Kopan denbora horretan, 16 gol sartuta.