'Bidaia' ikuskizunak Hondarribian egingo du geldialdia
René Zugarramurdiren zuzendaritzapean Euskal Herriko historia eta kultura modu dinamiko eta originalean ezagutzeko aukera luzatuko du ikuskizunak.
Euskal Herriko historia eta kultura modu dinamiko eta originalean ezagutzeko sortutako emanaldia da Bidaia; musika eta efektu bisualak uztartzen dituen ikuskizun originala.
René Zugarramurdi hendaiarraren zuzendaritzapean arituko dira hilaren 28an 200 abeslari: horien artean izango dira Hondarribiko Eskifaia abesbatzako kideak bai eta Hondarribiako Musika eta Dantza eskolako ikasleak ere. Hondarribiko musikari eta abeslariez gain, Orchestre Intercommunal d’Hendaye banda, Giltzarri (Lesaka), Argileak (Angelu) eta Arraga (Kanbo) abesbatzak, Leticia Vergara mezzo-sopranoa eta Patrice Tetevuide gitarrista batuko dira ikuskizunera.
Hondarribikoa bigarren emanaldia izango da (hilaren 28an, Jostaldi pilotalekuan, 19:00etan). Lehenengo emanaldia igande honetan (hilaren 22an) Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan eskainiko dute, eta bidaia amaitzeko, Baionako Laugarren Gelan (otsailaren 4an) izango dira.
Hondarribiko ikuskizunerako sarrerak doan eskura daitezke Arma Plaza Fundazioan edo kutxakulturen webgunean.