Hondartza Kiroldegirako prezio berriak proposatu ditu Abotsanitzek
Abonatu eta erabileraren taula "guztiz zaharkitua" geratu dela deitoratu du udal taldeak. Prezio taula berria mahaigaineratzeaz gain, 'Mugiment' sarearekin bat egitea proposatu dute.
Hondartza Kiroldegia Hondarribian zegoen kirol ekipamenduen behar bati erantzuteko sortu zen duela 26 urte. Handik hamar urtera, 2006an, kiroldegiaren kanpoko instalazioak handitu zituzten: atletismo pista eta hidromasaje eremua eraiki, eta gimnasioa zabaldu zituzten, besteak beste. Ordutik, kiroldegia zaharkituz joan dela eta berrikuntza inbertsio gabezia dagoela nabarmendu du Abotsanitzek, “are gehiago Hondarribiko Udalak enpresa kudeatzaileari 1.000.000 euro bideratu dizkionean”.
Dena dela, kirol instalazioen egoera baino deigarriagoa horiek erabiltzeagatik erabiltzaileek ordaindu behar duten prezioa dela esan du udal taldeak: “Hondarribiko Kiroldegiaren erabiltzaileek Gipuzkoan ordaintzen duten bataz bestekoa baino %50 garestiago ordaintzen dute eta familia zein adin txikikoen kostuak herrialdeko garestienak dira. Tarifen taulak inondik inora ez ditu jasotzen egun ditugun errealitatearen beharrak”. Horregatik, abonatu eta erabileraren taula guztiz zaharkitua geratu dela deitoratu eta arazo honi aurre egiteko “gaurkotua, soziala eta lehiakorra” den prezio taula berritzaile bat proposatu dute:
Prezio taula berritzeko proposamenaz gain, bigarren bat plazaratu du taldeak: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldunditik sustatutako Mugiment sarearekin bat egitea. Era horretan, Hondartza Kiroldegiko erabiltzaileek sarean dauden gainontzeko udalerrietako instalazioak erabili ahal izango lituzkete. Egun 70 udalerri baina gehiago dira sare honen parte eta “hondarribiar askok herritik kanpora lan edo ikasten dutenez aukera hau interes handikoa dela” ziurtatu dute.