Zortea ez dute aldeko izan Txingudiko gazteek
Errugbilari gazteak izan ziren asteburuko protagonistak, eta zelairatu ziren hiru taldeek ezin izan zituzten euren lehiak aurrera atera.
Errugbilari gazteena izan zen asteburua, eurak izan baitziren zelairatu ziren bakarrak. Zortea, baina, ez zuten aldeko izan, hiru taldeek galdu baitzituzten euren partidak.
18 urtez azpiko taldeak Mutrikuko San Migel zelaian jokatu zuen Danon Artean taldearen aurka, eta 26-12 galdu zuten. Txingudik bikain hasi zuen neurketa, eta 14. minutuan aurretik ziren markagailuan (5-7). Ondoren, baina, etxekoek markagailua irauli zuten, eta lehen zatiaren bukaerarako aldea handitzea lortu zuten (19-7). Bigarren zatia orekatuagoa izan arren, bidasaorrek ezin izan zuten norgehiagoka aurrera atera, eta 26-12ko markagailuarekin bukatu zen lehia.
16 urtez azpikoei dagokionez, ez zuten aukerarik izan Donostian Bera Bera-Baztan taldearen aurka. Lehen zatian etxekoen erasoei ondo eutsi bazien ere, Txingudik bina entsegu eta eraldaketa jaso zituen, eta 14-5eko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia, ordea, Bera Bera-Baztanena izan zen guztiz, eta aldea lau entsegu eta eraldaketa batekin handitu zuten. Azkenean, 36-5eko markagailuarekin nagusitu ziren etxekoak.
14 urtez azpiko taldeak ere norgehiagoka jokatu zuen, ligako lehena. Gasteizko Lakua zelaian aritu ziren Gaztedi B taldearen kontra. Partida orekatua izan zen, eta garaipena etxean egratu bazen ere, bidasoarrak irabaztetik gertu geratu ziren (43-39). Ligako lehen neurketa galdu bazuten ere, bi bonus punturekin hasi dute txapelketa.
Errugbi eskolako gazteak ere protagonista izan dira, aurtengo lehen errugbi topaketa egin baitzuten Logroñoko Pradoviejo zelaian etxeko taldearen, Txingudiren, Iruñaren eta Zarautz-Beltzaken artean.
Seniorrak bueltan
Astebeteko atsedena izan ondoren, gizonen lehen taldea lehiara itzuliko da larunbatean. Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute Plaiaundin La Unica B taldearen aurka, 16:00etan. Aurkariak sailkapeneko azken postuan dira, 7 puntu eta garaipen bakarrarekin. Txingudikoek, aldiz, iragan jardunaldian izandako porrota atzean utzi nahi dute partida irabazita. Sailkapeneko bigarren postuan dira momentu honetan.
Gipuzkoako topaketak, Hondarribian
Gipuzkoako 13 eta 14 urtez azpiko selekzioek topaketak egingo dituzte larunbatean Hondarribian. Txingudiko bost jokalarik hartuko dute parte saio horietan: Adrien Muñoz, Oier Oliveira, Ekaitz Sanchez, Urtzi Arrieta eta Mattin Petrikorena. Entrenamenduak Hondarribiko Ondartza kiroldegian izango dira, 10:00etatik aurrera.