'Kalez kale Hondarribia Hobetzen' proiektua azken txanpan
Urtarrilaren 10ean hasi zituzten Bidasoa kaleko lanak. Ondoren, Axular, Irun eta Sabino Arana kaleen txanda izango da. Azken honetan autobus geltoki berria egingo dute. Ikus irudiak.
Hondarribian mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa izateko lanek aurrera jarraitzen dute. Hori baita, azken finean, Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programaren xedea. Programa horrek bost eremu nagusi hartzen zituen baitan: Kosta auzoa: Kosta kalea; Mendelu auzoa: Gibeleta kalea; Sokoa ingurua: Donostia kalea, Nestor Basterretxea eta Baserritar etorbidea; Harresilanda eremua: Txiplao Industrialgunea, Harresilanda kalea eta Errebellin kalea; Eta Sabino Arana ingurua: Bidasoa kalea, Axular kalea, Irun kalea eta Sabino Arana kalea. Programa osoko aurrekontua 3.329.404,07 eurokoa da, horietatik 9330.505,22 euro bideratu dituzte azken eremu honetarako.
2017an onartu zen Hiri Mugikortasun plana (HMJP) eta ordutik “beste hiri eredu bat” egikaritzen ari dira. Oinezkoei eman diete lehentasuna, bigarrenik txirrindulariei, hirugarrenik garraio publikoari eta azkenik ibilgailu pribatuari.
Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programa sortu baino lehen Bitoriano Juaristi kalean, Ama Guadalupekoa ikastetxearen sarreran, bolardoak eta marrazkiak jarri zituzten lurrean: “Hor konturatu ginen zertan bihurtu den sarrera eta irteera hori. Oso eremu erosoa eta seguruagoa da orain, gurasoak zain egoteko eta umeak jolasten egoteko”. Duela hiru urte izan zen hori, eta bertan ikasitakoa proiektu honetan plasmatu dute.
Bosgarren eremua: Sabino Arana, Bidasoa, Axular eta Irun kaleak
Sabino Arana kalean bi ikastetxe daude: Egiluze ikastetxea eta Ama Guadalupekoa ikastetxea. Eskolen aurrean oinezkoentzako plataformak ezarriko dituzte, espaloiak zabaldu, bolardoak kendu eta behar berezia duten pertsonentzako egokitzapenak egingo dituzte. Gainera, plataforma horietan S-28 seinalea ezarriko dute. Horrek Bertakoen Lehentasun Eremua (BLE) irudikatzen du, eta beraz, 20 kilometro orduko abiadura errespetatu behar da. “Jabetzen gara plataformen funtzionamendua ez dugula guztiz barneratua oraindik, nahiko berriak direlako, baina kotxeak polikiago joan behar dute” azaldu du Juan Luis Silanes zinegotziak. Aurrerago sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte seinaletika ezagutzeko.
Eskoletako egokitzapenez gain, autobus geltoki (Termibus) berria eraikiko dute. Sabino Arana kalean, Itxolaren eta Alde Zaharreko igogailuaren artean, izango da hori. Gonzalo Carrion zinegotziak azaldu duenez segurtasuna irabazteko egindako aldaketa da: “Geltoki zaharrean autobusak bata bestearen atzean jartzen ziren eta arazoak ematen zituen horrek, batez ere eskolara (Ama Guadalupekoa ikastetxera) sartzeko eta irteteko orduetan, autoak, autobusak, gurasoak eta haurrak pilatzen zirelako ordu berean”. Geltokian bizikletek ere beren lekua izango dute. Egun, eremu horretan dagoen lorategia eta aparkalekuak desagertu egingo dira. Era horretan, espaloia irabazi eta autobusentzako leku gehiago egongo da. Gainera, zebrabide guztiak altueran joango dira, espaloiarekin bat egiteko. Geltokiaz gain, Sabino Arana kale osoa urbanizatu eta dauden pibote guztiak desagertu egingo dira.
Dena dela, egun dauden autobus geltokiak (Ama Guadalupekoa, M8, eskailera mekanikoak, Hondartza kiroldegia, lurgorri…) ez dira desagertuko. E25 lineak horietan geltokia izaten jarraituko du. Gainontzeko lineak (E20, E21, E22, E28 eta E27) Termibus deritzon geltokian geldituko dira.
Urtarrilaren 10ean hasi ziren Bidasoa kaleko lanak eta 3-6 asteko iraupena izango dute. Zebrabideak altxatu eta kalea urbanizatu egingo dute. Lan horiek amaitzean helduko diote Sabino Arana kaleari. Lanok apirila amaiera ekaina hasierarako amaituta izatea espero dute, beti ere “eguraldiaren eta Aste Santuaren arabera” gehitu du Carrionek.
Azkenik, obrek eragin ditzaketen eragozpenekiko mintzatu da Silanes: “Badakigu obrengatik zenbait arazo sortzen direla, baina denok ulertu behar dugu obrak zertarako egiten diren”.
Aparkalekuak
Aparkalekuei dagokionez ahalik eta leku gutxien galtzen ahalegindu dira, baina argi utzi dute oinezkoak izan direla Kalez Kale Hondarribia Hobetzen proiektuaren lehentasuna. Denera aparkalekuen %2 galdu da: “Zebrabideak hobetzea eta aparkalekuak ez galtzea ezinezkoa da” ondorioztatu du Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.