Euriak eta haizeak kalteak eragin dituzte Hondarribian
Haize bolarek sortutako kalteak izan dira gehien bat: lurrera eroritako teila zatiak, kalea oztopatzen zuen zuhaitz bat, tokiz mugitutako kontenedoreak...
Gaur gauean euri eta haize bolara handiak izan dira eta horrek eragin zuzena izan du Hondarribian. Zimizarga auzoan mendi bide bat itxi behar izan dute zuhaitz bat errepidera erori delako: “Udal langileek berehala zuhaitza moztu eta errepidea zabaldu dute” azaldu du Juan Mari Altuna Udaltzaingoa eta Hiri Segurtasunerako zinegotziak.
Hori baina, ez da gauean izan den gertakari bakarra. Jostaldi pilotalekuaren teilatu zati bat eta Panpinot Hotelaren horma zatitxo bat haizeak eraman ditu “inolako ondoriorik sortu gabe”. Soroetako parkearen inguruan saltoi bateko beiratea puskatu egin da. Ondorioz, Soroetako haur parkea itxi egin da. Bestalde, kontenedore asko tokiz mugitu dira, zenbait etxe pribatuetako txabolak haizeak eraman ditu eta Alde Zaharrean zenbait teila lurrera erori dira.
Honengatik guztiagatik udal langileei egiten ari diren “lan azkar eta onarengatik” eskerrak eman eta hiritarrei ahalik eta zurrunen joka dezaten eskatu die Altunak: “datozen orduetan euri eta haize asko egingo duelako”.