Anbulatorio berria eraikitzeko "akordio handi" bat sinatu nahi du EAJk
Anbulatorio berriaren garapenean ez oztopatzeko eskatu diote alkateari, eta lanak ahalik eta azkarren hasteko konpromisoa hartu dute.
Atzo Irungo Udala osatzen duten udal taldeek egindako adierazpenen aurrean harrituta azaldu da EAJ, eta salatu egin dute “EAJ deuseztatzeko interesak hiriaren interesen eta irundarren ongizatearen aurretik” jarri izana.
Berretsi egin dute adituekin bildu direla hirugarren anbulatorioaren proiektua landu ahal izateko, “proposamen serio eta zorrotz bat aurkeztu dugu, irundarrekin ere landua, haien beharrak eta eskaera nagusiak entzun ondoren”.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak “ondo” baloratu duela Irungo jeltzaleen proposamena diote, eta “akordio handi” bat lortzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek, “eraikuntza lehenbailehen has dadin”.
Azkenik, Jose Antonio Santano alkateari zuzendu zaie eskatzeko “gainontzekoei lan egiten uzteko” eta anbulatorio berriaren lanaren garapena ez oztopatzeko.