Osasun sistemaren gabezien aurrean EAJren erantzukizun falta salatu du EH Bilduk
Irungo EAJri arduraz jokatzeko eskatu diote, eta Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdiei Osasun Bidasoa Plataformak egindako eskaerak aintzat hartzea eta defendatzea.
Osasun-sistemaren gabezien aurrean bi anbulatorio eraikitzea proposatu du aste honetan Irungo EAJk. Deklarazio horiei erantzunez udal hauteskundeen atarian laugarren anbulatorio baten proposamena egitea “herritarrekiko begirune falta handia” dela esan du Irungo EH Bilduk. Izan ere, hamar urte dira hirugarren anbulatorioaren aldarrikapena mahai gainean dagoela eta orain arte “aldarrikapen horri erantzunik eman ez” diotela salatu dute. Eta beraz, arduraz jokatzeko eskatu diote Irungo EAJri.
Irun Gipuzkoako bigarren hiri handiena da, baina Eusko Jaurlaritzak osasun zerbitzuak bermatzeko edo baliabide pertsonalak handitzeko apusturik egin ez duela deitoratu du alderdiak, eta ondorioz, urte hauetan guztietan gabeziak sortu direla: “Pazienteak artatzeko espazio eza, kontsultak telefono bidez egitera behartuak egotea, edo 2-3 hilabeteko itxaron zerrendak egotea”, besteak beste. Horregatik, Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdiei Osasun Bidasoa Plataformak egindako eskaerak aintzat hartzea eta defendatzea eskatu diete.
Zehazki honakoa eskatu dute: Irungo osasun zentroetan dagoen espazio faltari erantzutea, ahalik eta epe laburrean, Oinaurreko anbulatorioarekin bai eta Dunboako eta Zentroko anbulatorioak handitzearekin; Langile kopurua handitzea; Eta osasun sistema baliabide material egokiekin hornitzea.