Via Irun aurkezteko erakusketa, astelehenetik irekita
Modu interaktiboan trenbide inguruaren historia eta etorkizuna azaltzea du helburu Txanaleta plazan irekiko duten erakusketak.
Via Irun 20230 proiektuaren lehen faseari buruzko erakusketa bat irekiko dute datorren astelehenean, hilak 16, Txanaleta plazan, 18:30etatik aurrera.
Erakusketak lau areto izango ditu, eta ingurua nola geratuko den erakustea da asmo nagusia, askotariko piezen eta ikus-entzunezkoen bidez. Sarrera handia izango da; jarraian, lerro kronologiko interaktibo baten bidez Irungo trenbide inguruaren historia ezagutzeko aukera izango da, gaur egun arte.
Segidan informazio aretoarekin egingo dute topo herritarrek. Bertan antolamenduaren datu esanguratsuenak ikusteko aukera izango da, bai eta aurrerapen dokumentuan definitutako helburuak ere.
Beste aretoetako bat teknologia berritzaileez hornitutako areto interaktiboa izango da. 3D mapa bati esker onartutako dokumentuaren datu teknikoak irakurri ahalko dira. Geltoki berrian murgiltzeko aukera eskainiko du modernitate honek.
Behatoki bat ere prestatu dute. Hala, egungo eta etorkizuneko eraikinak erakutsiko dituzte, eta bisitariek etorkizuneko eremua esploratzeko aukera izango dute, eskala murriztuan.
Asteartetik ostiralera izango da zabalik, 11:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara. Larunbat eta igandeetan, aldiz, 10:30etatik 13:00etara.