[Elkarrizketa] «Hasieran kantuak oso ilunak ziren. Alaienak azkenekoak dira»
Abenduan kaleratu zuen ‘Trompetas en el Pirineo’ diskoa Mikel Iturria soinu teknikariarekin batera. Modu naturalean sortu zen proiektua. Gaztea maketa lehiaketan hogei finalisten artean izan ziren.
Prinioetan hasi zen kaleratu berri duzuen proiektu hau. Nola izan zen hasiera?
Aurreko urtera arte Frantziako Pirinioetan izan nintzen lanean. Musika betidanik egin izan dut. Tronpeta jotzen nuen Hondarribiko Elektropatxarangan. Pirinioetan nengoenean ez nuen musika egiteko lagunik, eta saltseatzen hasi nintzen. Pandemiak bertan harrapatu ninduen, eta momentu horretan denbora gehiago nuenez, serioago hartzeko aukera izan nuen. Teklatu bat eta ordenagailu bat hartu, eta sortzen hasi nintzen. Hondarribira etortzen nintzen aldiro Mikelekin [Iturria] elkartu eta Psilocybera joaten ginen. Aspaldi ezagutzen dut, txarangan taldekideak ginen. Soinu teknikaria da eta gehienbat zuzenekoetan aritzen den arren Psilocyben etxeko taldeei grabazio lanak egiten dizkie.
Hasieran nik egindakoa grabatzeaz eta nahasteaz arduratzen zen, baina azkenean kantu berriak sortzen amaitu genuenez, azken abestietarako musika sortzen bukatu du. Prozesua oso naturala izan da, eta sentsazio onarekin gaude. Orain, etortzen den guztiarekin kontent izango gara.
Kantuetan bilakaera bat sumatzen da.
Hasieran kantuak oso ilunak ziren. Agian garaiak ere eragina izan zuen horretan. Pandemia garaian ospitale batean lanean ari nintzen, eta ez zitzaizkidan gauza oso alaiak ateratzen. Atera diren abesti alaienak azkenekoak izan dira. Psilocyben Mikelekin elkartu eta gau batean ondo pasatzen sortu genituenak, hain zuzen. Hasierako kantuen abesteko era ere ezberdina da, etengabe hizketan eta zenbait gauza barrutik askatzen egongo banintz bezala. Ingurura begirada bat ere badira. Kuriosoa izan da kanpoan egonda Hondarribiari edo nire inguruari buruz hitz egitea gehiago atera zitzaidala, bertan egonda baino. Sirakusa kantua da horren adibidea. Kaleratu genuen lehena izan zen. Sirakusa Siziliako herri bat da, kostan dagoena eta Arkimedesek defendatzen zuena. Hondarribia Sirakusarekin alderatu genuen. Jokoa hortik zihoan. Letrak analisi moduko bat egiten du, txantxa eta hitz jokoak uztartuz.
Nondik dator Txavvo izena?
Diskoaren azala nire aitaren gaztetako argazki bat da. [Alba Sistiaga irundar ilustratzailearen laguntza izan du azalerako]. Mexikon lan eta bizi izan zen urte askoan, eta garai hartako argazkia da. Nire adina izango zuen bertan, pixka bat gehiago edo pixka bat gutxiago. Garai horretan Chavo del ocho telesaila zegoen. Handik bueltatu zenean eta bere familia hemen osatu zuenean, familiako txikiena izateagatik imaginatzen dut, chavo deitzen zidan. Argazkia asko gustatzen zitzaidalako jarri nuen eta bera duela urte batzuk hil zenez, bada omenaldi txiki bat ere. Diskoaren hasieran, gainera, sarrera txiki bat dago. Nire aitari behin egin zioten elkarrizketa bat hartu eta musikarekin nahastu genuen. Ez du diskoarekin zerikusirik, baina, nolabait, forma emateko erabili dugu.
Nola eskura daiteke diskoa?
Motxilan dauzkagu beti eskuragarri, eta aurrerago zenbait tabernetan utziko ditugu. Sare sozialetara ere idatz daiteke: @txavvo. Dena den, plataforma guztietan entzun daiteke disko osoa.