[Elkarrizketa] "Badira praktikak emakumeek ez aktiboki parte hartzeko"
2018an joan zen lehen aldiz Zaporeak proiektuarekin Greziako Lesbos irlara irundarra. Egun, Kairos proiektuarekin egin du bat; biolentzia politikoa jasaten duten emakumeekin lan egiten dute, eta diru bilketa hasi dute.
Zaporeak proiektuarekin joan zinen lehen aldiz Lesbosera 2018an. Nolakoa da?
Lesbos irla bat da, eta kutsu ezberdinak ditu. Pertsona batzuentzako izan daiteke paradisua, eta beste batzuentzako infernua. Badauzka bi alde horiek. Baldin eta zein den zure testuingurua, baldin eta zein den zure azal kolorea, eta batez ere baldin eta zein den zure pasaportearen nazionalitatea infernua edo paradisua izango da. Pertsona errefuxiatuei entzun diedanez Lesbos prozesu oso luze bat da, sufrimendu handia ere, eta espazio bat ere bada kartzela itxura hartzen duena. Bertako greziarrentzako eta turistentzako izugarrizko espazio polita da, Greziako paradisuko irla da. Gu bi profil horien erdian gaude, bi aldeak ikusten ditugu. Ikusten dugu lekua oso ederra dela, baita zein politika egiten diren bertan ere bai. Eskubide urraketak ikusten ditugu, bizi baldintza oso latzak dira babes eske datozen pertsona horientzako.
Bertan itxoiten egoten dira, beraz, kanpalekuetan dauden pertsonak. Zenbat daude?
Ni iritsi nintzenean hiru kanpamentu ezberdin zeuden, eta orain bakarra dago, Mavrovouni deiturikoa. 2018an, Karatepe, Moria eta iparraldean beste bat zeuden. Errefuxiatu gehienak Morian zeuden. Izatez espazio militar bat zen hura, eta 3.000 pertsonentzako prestatu bazuten ere, 20.000 pertsona baino gehiago izan ziren bertan. Pentsa daiteke nolakoak ziren bizi baldintzak: pilaketa ikaragarria, bata bestearen ondoan bizi ziren, eta ez ziren errespetatzen bakoitzaren beharrak. Gero Moria erre, desagertu, eta beste berri bat egin zuten: Mavrovouni. Zentraletako bat da gaur egun. Desagertu egin dira Karatepe eta Moria; iparraldekoak segitzen du harrera funtzioa betetzen.
Orain ikusten ari garena da Europako politikak norantz doazen, eta Samoseko irlan [Grezia] erretentzio zentro bat egin duten bezala, Lesbosen ere ari dira egiten, eta aurten bukatuko dute. Honezkero ez dute ezkutatzen behin-behineko soluzio bat dela kanpamentuena. Jada diote behin betiko soluzioa dela, eta erretentzio kanpamentuak egingo dituztela.
Lesbosen eraikitzen ari direna irla erdian dago, guztiz isolatuta eta kartzela itxura du. Guztiz itxia da, eta pertsonek ez dute askatasuna kanpora ez barrura sartzeko. Guk ere ez genuke aukera izango barrura sartzeko, eta oso airean geratzen da nor egongo den behatzen zein praktika egiten diren barruan. Garrantzitsua da oraintxe bertan asilo prozesuan dauden pertsonak formatzea, eta esatea atera dezatela informazio guztia kanpora beraiek sartzen dituztenerako.
«Lesbos batzuentzako paradisua da, eta beste batzuentzako infernua»
Moria erre zenean sortu zenuten Kairos proiektua. Zein izan zen abiapuntua?
Irene Redondo proiektuko kideak ikerketa bat hasi zuen Morian beste elkarte batekin, eta hutsune asko identifikatu zituen, batez ere emakumeen egoeraren inguruan. Ikusi zuen emakumeak zeudela guztiz babesik gabe, ez zituzten espazio seguruak elkartzeko, hitz egiteko, bata bestea sostengatzeko, eta errealitate ezberdinak partekatzeko… Miren Bardajirekin elkartu zen, eta beraiek sortu zuten Kairos; geroago ni neu sartu nintzen.
Hiruen artean saiatzen ginena zen espazio seguruak sortzen emakumeentzako, haien beharrak identifikatzen eta horiek asetzeko dirua lortzen. Hasiera batean entzuten eta egoten saiatzen ginen, ariketa hori bideratzen aritzen ginen, baina gero iritsi zen momentu bat beraiek hartu zutena iniziatiba. Garrantzitsuena guretzat zen beraien iniziatibatik sortutako zerbait izatea, beraiek mugitzea proiektua.
Biolentzia politikoa jasaten duten emakumeekin lan egiten duzue. Zein dira biolentzia politiko horiek?
Oso zabala da gaia, eta biolentzia guztiek daukate espazioa termino horretan. Ez dugu itxi nahi, iruditzen zaigulako guk ere askotan aktibista bezala biolentzia politikoa sufritzen dugula bertan, edota edozein emakumek gaur egungo gizartean biolentzia politikoa pairatzen duela. Beraz, irekia utzi nahi dugu espektroa, iruditzen zaigulako espazio ezberdinetan lan egin dezakegula eta ez dugulako nahi inolako biolentziarik alde batera utzi. Dena nahi dugu kontuan hartu, nahiz eta badakigun zaila dela.
NBEk laguntza humanitariorako diruaren %4a bideratzen die emakume eta haurrei. Hori ere sumatzen duzue?
Zalantzarik gabe. Egia da horrelako testuinguruetan, pobrezia edo horrelako egoerak hain kritikoak direnean, iruditzen zaizula mundu guztiak dauzkala beharrak eta hori ere erreala da: mundu guztiak dauzka beharrak, ez dugu zertan gauza bat edo bestea desberdindu. Baina badira praktikak emakumeek ez aktiboki parte hartzeko gizartean, eta testuinguru hauetan, gu emakume izanda ere ikusi ditugunak. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun hor eskua sartzea, argi ikusten dugulako migratzen dutenen %50 emakumeak direla, eta gero ekonomikoki ez da hala islatzen.
«Migratzen dutenen %50 emakumeak dira, eta gero ekonomikoki ez da hala»
Dokumentazio independentea egiten duzue ere. Zertarako egiten duzue hori?
Bertako testuinguruetan lan egin, eta gero ikusten dugu ateratzen diren dokumentazio eta monitorizazio asko baldintzatuta daudela. Uste dugu diru laguntza zehatz batzuengatik, edota lan eta balore zehatz batzuengatik, ez dela askotan egia osoa esaten, ez dela askotan ikuspegi feminista batetik lan egiten. Hortaz, informazio asko falta da. Kanpamentuan gehien bisualizatzen direnak gizonak direnez, batzuetan monitorizatzen ditugu gizonak bakarrik, edo dokumentatzen ditugu bakarrik gizonen esperientziak eta istorioak, eta azken finean guretzako garrantzitsua da isilean dauden narratiba horiek ere ateratzea. Horregatik diogu independenteak direla, ez gaituztelako gidatzen diru laguntza bat jaso izanagatik. Bestetik, gustatzen zaigulako libre lan egitea eta gure ikuspegi feminista, antiarrazista eta transkulturalarekin begirada irekitzea eta errealitate guztiei ematea espazioa.
Egiptora ere iritsi zarete. Zertan zabiltzate bertan?
Redondok egin zuen lehen bidaia bertara, eta jarri zen harremanetan bertako hainbat emakume elkarterekin, batez ere Kairon. Ikusi genuena da hegoaldeko landa herrietan behar handia zegoela, hau da, Kairo nahiko saretua dago, baina joaten zarenean landa herrietara falta handia ikusten da. Al Bairat herrian dago Redondo. Mutilazio genitala jasan dutenei jarraipena egiten ari zaie, Egipto delako munduan horren tasa altuena duen herrialdea. Beraien testuingurura gerturatzen ari da, eta oraingoz emakumeen talde handi bat identifikatu du mutilazio genitala sufritu dutenak. Orain mina sentitzen duten fasean daude. Konpontze horretan akonpainamendua egiten saiatzen ari gara. Kontaktuan gaude Kairoko klinika batekin, non klitoria berreraikitzen duten: neska asko hasi dira prozesu horretan.
Diru bilketa hasi duzue. Zertarako?
Lehendabizi Egiptoko proiektua sostengatzeko. Emakume hauei guztiei jarraitzeko ematen espazio bat, jarraitzeko beraien prozesuetan laguntzen nahi izanez gero ebakuntza egin, edo Kairora joan nahi baldin badute kontsulta batera bada ere. Gastu horiek guztiak gure gain hartzen saiatzen gara, eta emakume horiei beraien prozesu horretan laguntzen. Hori dena ikertzen jarraitzen dugulako da. Espainiako Estatuko mugen barruan ere jarrita dugu arreta, Ceuta, Melilla eta Kanariar Uharteetan, eta hemen, Irunen.
Protokolo berriak sortu nahi ditugu, ikusten dugulako askotan badaudela ongi etorri protokolo izenekoak, baina orokorrak dira, ez dira espezifikoak emakumeentzako eta garrantzitsua iruditzen zaigu perspektiba hori ere sartzea. Egiten diren ikerketetan perspektiba feminista ere bertan izatea, alegia. Narratiba ezberdinak jaso nahi ditugu horrelako espazioetan.
Garrantzitsua iruditzen zaigu bertan hasi den prozesu hori guztia bertan ikertzea, ikusteko nola ari den dinamika aurrera eramaten eta zein baldintzetan, gero salaketa egiteko. Argi dugu dokumentatzen dugula, ikertzen dugula, baina gero salaketara iritsi nahi dugu, aldaketa batera iritsi nahi badugu.
Dirua emateko Go Fund Me plataforma erabili dugu. Bertan Kairos-WPV bilatu eta hortik egin daiteke ekarpena. Gure orrialdean www.kairos-wpv.org-en ere informazio guztia dago.