[Elkarrizketa] "Generoak sistemari erro-erroan eragiten dio"
R.W. Connell soziologo australiarraren ‘Maskulinitateak’ liburua itzuli du hondarribiarrak. Eskafandra bildumaren zazpigarren alea da, eta maskulinitateari eskaini dioten lehena.
Maskulinitatearen inguruko lan akademikoa da R.W Connell-ena, mendebaldeko historian eta ikerketan oinarritzen dena.
Connell soziologo australiarra da. Emakume trans bat da, eta bere karreran zehar klasea eta generoa landu izan ditu. Hasieran klasea lantzen hasi zen, eta ikusi zuen generoa lantzea saihetsezina zela. Bere lanean, gainera, azpimarratzen du jakintza hau dena oso mendebaldarra dela, eta hori ere bada zerbait kontuan hartzekoa. Bere analisia egiten duenean genero egitura mendebaldarraz ari da, baina aipatzen du azpimarratzeko nola mendebaldetik aplikatu ditugun gure eskemak beste kulturen gainean: gure eskema binarioa, gizonak eta emakumeak, gizonek hau egiten dute eta emakumeek beste hau…
Lan hau mugarria izan da. Maskulinitate hegemoniko kontzeptua Connellek erabili zuen lehenengoz. Kontzeptua asmatu egin zuela esatera ausartuko naiz. Hiru atal dauzka liburuak. Lehenengo atalean maskulinitatearen jakintzaren inguruan errepaso bat egiten du, zer ikertu den orain arte. Hor aipatzen ditu Freud eta beste hainbat izen esanguratsu. Gero, bere definizioez eta bere kontzeptuez aritzen da. Horietatik generoa azpimarratuko nuke. Praktikak egituratzeko modu bat edo konfigurazio bat bezala definitzen du. Buttlerrek adibidez [Judith Buttler filosofo estatubatuarra] performance bat bezala definitu zuen. Bestalde, maskulinitate hegemonikoaz gain, beste hainbat kontzeptu ere aipatzen ditu, hala nola, maskulinitate konplizea, maskulinitate zapaldua eta bazterreko maskulinitatea.
Maskulinitate mota ezberdinak daude, beraz, eta horiek denboran zehar aldatzen joaten dira, ezta?
Maskulinitate hegemonikoa ez da bat eta bakarra, bakoitzak bere maskulinitate hegemonikoak dauzka, eta uste dut guk ere ikus ditzakegula. Garai batean gizon afeminatu bat izan zitekeen norbait depilatua, eta gaur egun gimnasioko gorputz depilatu eta muskulatu horiek dira hegemonia. Eraldatzen dihoan zerbait da. Maskulinitate hegemonikoa uneoro bizirauteko izan behar den hori dela dio berak [Connellek], eta beraz, kontuz ibili behar garela. Maskulinitateak aldatzen doaz, baita onerako ere, noski.
«Maskulinitate hegemoniko kontzeptua Connellek erabili zuen aurrenekoz»
Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea Connellek esaten duela maskulinitatea tresna edo arma politiko bezala erabiltzen dela. Hau da, gobernu konkretuek momentu konkretuetan maskulinitate eredu konkretu bat bultzatu dutela. Zeelanda Berria kolonizatu zutenean gizon txuri asko bidali zituzten koloniara, eta bertan giro nahiko biolentoa sortu zen. Orduan, emakume asko bidali zituzten, ezkon zitezen. Familia gizonaren irudia bultzatu zuten. Baina ondoren, gerran sartu ziren. Zeelanda Berria Boerretako gerrara [Hegoafrikako gerra] joan zen, eta momentu hartan gizon indartsuaren, ausartaren eta biolentoaren irudia bultzatu zuten. Garrantzitsua iruditzen zait, beraz, azpimarratzea ez dela kasualitatea eredu konkretu bat egotea historiako momentu ezberdinetan.
Emakumezkoen kasuan ere gertatu izan da maskulinitateari eutsi izana boterea lortzeko, ezta? Margareth Thatcherren kasuan adibidez.
Bai, azkenean berak nabarmentzen du maskulinitatea ez dagoela gizonengan, feminitatea ez dagoen bezala emakumeengan. Erakundeak ere izan daitezke maskulinoak. Armada bat, adibidez, maskulinoki eraikita dago, eta beraz, dio ez dela nahikoa emakumeak boterean egotea, erakundearen izaera maskulinoa aldatu behar dela. Thatcherrena bezalako adibide asko daude, boterera heldu diren emakumeak, oso hotzak, oso zuzenak eta oso zurrunak izan direnak. Horrek ez du zertan eraldatu gobernuaren, armadaren edo erakundearen egitura.
Liburu hau feminismoaren mugarri dela esaten da.
Pertsonalki iruditzen zait liburu honek jorratzen duela ezinbestekoa den zerbait, gizarte feminista bat nahi badugu. Gai hau ezinbestean landu behar da. Gizon bezala sozializatzen diren pertsonak kontziente izatea maskulinitateak zer forma ematen dion gure gizarteari. Maskulinitatea arazo askoren erroan dago, eta gauza estruktural bat da, sistemari eragiten diona, eta ez bakarrik norbanakoari. Horregatik iruditzen zait tresna asko ematen dituela genero eraikuntzak gizartean zer eragin daukan ikusteko. Gaur egun, Euskal Herrian zehazki, iruditzen zait badagoela eztabaida bat zeinetan ematen duen pertsona batzuentzat ez dela bateragarria klase borroka eta feminismoa, eta liburu honek esaten du baietz, oso lotuta daudela. Bata bestearen eskutik doaz, eta generoak sistemari erro-erroan eragiten dio.
Hasierara itzulita, nola iritsi zen liburuaren eskaera zure eskuetara?
Lorea Agirre, Jakineko [aldizkari eta argitaletxea] zuzendaria jarri zen nirekin harremanetan eta proposamena egin zidan. Lan handiko sei hilabete izan dira, liburu honekin gora eta behera. Horrelako lan baten aurrean itzultzaile feminista bezala uste dut kokatzen saiatzen zarela: «Hau itzultzen ari naiz, nor da liburu hau idatzi duen pertsona?». Eta beno, momentu barregarriak ere eman dizkit liburuak. Adibidez, San Frantziskoko edo Sydneyko ingurune gay-ak aipatzen ditu, eta jerga gay-a erabiltzen du askotan. Bat-batean aurkitzen duzu zure burua Interneten larruzko trajeak eta beste hainbat gauzak bilatzen, eta esaten duzu, «bada, hau izango da». Norbaitek nire Interneteko historiala bilatuko balu… [barrez]. Baina hori lanaren xarmaren parte da. Egia esan, gustura itzuli dut eta asko ikasi dut. Gustura geratu naiz.
Azalari dagokionez, Ramon Zabalegi irundarrak egin du.
Dena Bidasoan geratu da! Eskafandra bildumakoek aukeratu zuten azala. Pixka bat enigmatikoa da, baina egokia dela iruditzen zait. Maskulinitatea bada zerbait ez dakiguna oso ondo zer den eta nor dagoen horren atzean.
«Ingelesak askoz ere tradizio luzeagoa dauka generoari buruzko lanei dagokienez»
Liburu bat itzultzeko jasotzen duzunean, zein izaten da prozesua?
Hau izan da inoiz itzuli dudan liburu potoloena. Azkenean, bakoitzak bere metodologia dauka. Hasieran liburua irakurtzea eta ondoren itzultzea pentsatu nuen, baina hori oso nekagarria da. Orduan egin dudana izan da zuzenean itzuli, irakurri gabe. Era honetara, lehenengo inpresio horrekin itzuli nuen. Ondoren pila bat errepasatu behar da. Aldi berean glosario bat osatzen joan nintzen. Bilduma honetako beste aleek hiztegia landuta izatea ere oso lagungarria izan zen. Egunero bost edo zazpi orrialde itzultzen nituen. Oso poliki egiteko lan bat izan da, eta nekagarria, baina asko ikasi dut, baita diziplinari buruz ere. Nola egin horrelako lan bat horren mardula denean? Lan literario bat ere mardula izan daiteke, baina beste gozamen bat inplikatzen du. Hau teorikoagoa da, esaldiz esaldi joan behar zara.
Ingelesetik itzultzerakoan zein erronka izan dituzu?
Ingelesetik oso gustura itzultzen dut, baina gauza da ingelesak baduela erraztasuna hitzak asmatzeko, oso hizkuntza malgua da zentzu horretan. Bestalde, ingelesak askoz ere tradizio luzeagoa dauka generoari buruzko lanei dagokienez. Hango unibertsitateetan 1970eko hamarkada ingurutik dauzkate Gender Studies edo Women Studies deitzen direnak. Zailena itzultzeko gender hitza izan da. Generoduna bezala itzuli dut, baina ingelesentzako adjektibo edo aditz bat izan daiteke, eta hor izan dut gatazka. Hori izan da erronka, hiztegia ekartzea eta hitzak asmatzea; momentu batzuetan ez daukazu besterik. Hitzen bat euskaraz existitzen ez bada, zuk asmatu behar duzu.
Asko gogoratu dit karrerako Terminologia ikasgaia [barrez]. Sintaxiari dagokionez, Connell nahiko lehorra da idazten, orduan, ez dut hainbesteko zailtasunik izan horrekin. Batez ere generoari buruzko hiztegia izan da arazoa. Azkenean bilduma honek aurrekari lana egiten du. Termino bat lehen aldiz erabiltzen baduzu, atzetik datorren itzultzaile bati utziko diozu, eta horregatik komeni da termino hori ahalik eta onena izatea. Bestela, gerta daiteke hitz bat aurkitzea eta esatea, «hau erabili behar dut orain?». Baina egia esan, aparta da sistema baten barruan lan egiten duzunaren kontzientzia hori izatea. Euskal Herria txikia da, eta itzultzaileak gertu gaude, saretuta.
«Itzultzaile bezala irakurketa ez zailtzen ahalegindu naiz»
Liburu honek 500 orrialde dauzka, baina hasieran mardula dirudien arren, ez da horren irakurketa zaila, ezta?
Lan teoriko bat da, eta lan teorikoek egitura konkretu bat dute, formatu batzuk bete behar dituzte, baina anglosaxoia izateko, hau da, ingelesez idatzita egoteko, nahiko erraza da. Eta itzultzaile bezala, irakurleari irakurketa ez zailtzen ahalegindu naiz. Irakurketak erraza izan behar du, baina ez horregatik sinplea. Hizkuntza zaintzen, lantzen eta soil ematen saiatu naiz. Zentzu horretan, lan akademiko bat izanik, egia da nahiko dibulgatiboa dela. Eta bestalde, espero dut euskal irakurle eta ikerlarientzat tresna erabilgarri bat izatea, azkenean horretarako itzultzen dugu-eta.