Eguberrien balorazio baikorra egin du Irungo Udalak
Normaltasunera bueltako Gabonak arrakastatsuak izan direla azaldu dute. Santanoren hitzetan "egun ikusgarriak" bizi izan dira hirian, 50 jardueraz osatutako programazio zabalarekin.
Irungo Eguberrietako programazioa azken txanpan sartu da, igandean itxiko baitira Antzarango izotz pistak eta txirrista erraldoia, baina lehen datuak kontuan hartuta, Irungo Udalak Gabonen inguruko balorazio baikorra egin du, jarritako helburuak bete baitituzte.
‘Betiko Gabonak, inoiz ez bezala’ lelopean, normaltasunez ospatu dira aurtengo Eguberriak, 50 jarduerarekin eraikitako programazio zabalarekin, gustu guztietarako proposamenekin. Jose Antonio Santano alkateak adierazi du “egun ikusgarriak” bizi izan direla Irunen, eta behin normaltasunera itzulita, hiria “berriro nabarmendu” dela zehaztu du. “Giro ona eta alaitasuna berreskuratu ditugu, eta nabaritu da. Inoiz ez bezalako mugimendua sortu da hiriko merkataritza eta ostalaritza guneetako dinamizazioaren inguruan. Atrakzioek eta azokek oso harrera ona izan dute herritarren zein kanpotarren artean”, gaineratu du alkateak.
Datuetara pasaz, izotz pisten eta txirrista erraldoiaren harrera azpimarratu du udalak, guztira 13.000 lagun inguru bertaratu baitira gune horietara. 8.800 pertsona ibili dira izotz gainean patinatzen, eta 4.000 lagunek gozatu dute txirrista erraldoiaz.
Azokari dagokionez, hogei postuk osatu zuten, bertako merkataritza sustatu dutenak. Horrez gain, hiria jasangarriagoa izateko eta energia aurrezteko, argiak denbora laburragoan piztuak egon direla jakinarazi dute. Olentzerok eta Errege Magoek ere presentzia izan zuten hiriko kaleetan zehar; eta kultur programazioak “oso harrera ona” izan zuela baietsi du udalak. Gazteak ere muinean izan dituzte Eguberrietan, haiei begirako hainbat ekintza antolatu baitzituzten.
Komunikazio alorrari erreparatuz, sare sozialen bidez zabaldu dira egunerokoan jazotakoak. Webgunean gune berezi bat sortu zuten egun horietarako, eta bertan plano interaktibo bat egin zuten egitaraua bisualago izateko. Orotara, 25.000 bisita inguru izan ditu web orriak. Horiez gain, bide publikoan ere informazioa helarazi dute.
Azkenik, eta “etengabe” hobetzeko nahiari helduta, telefono inkestak egiten ari da udala, Eguberrien inguruko hiritarren iritziak biltzeko. Inkesta horiek asteartea bitartean (hilak 17) egingo dira, eta emaitzak Gabonetan kalean egindako inkesten bidez jasotako datuei gehituko zaizkiela aipatu dute.