Zuntz optikoa Hondarribia osora hedatuko da
Landa eremuetan banda zabala jartzeko proiektua aurkeztu zuten asteazkenean.
Zuntz optikoa Hondarribiko etxe guztietara helduko da aurki, Hondarribiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera landa eremuetan banda zabala jartzeko proiektua abiatu baitu.
Landa eremuetan bizi diren baserritarren beharrei erantzuteko sortu zen proiektua. Izan ere, eskari asko jaso ditu udalak baserritarren aldetik “estaldura kaxkarra” dutela eta esku hartzea eskatuz. Zimizarga, Akartegi, Gornutz, Arkolla eta Amute auzoko ehun baserri baino gehiago izango dira proiektuaren onuradunak. Hiriko sei gune ezberdin direnez, gune bakoitzean esku hartze bat egingo da. Une honetan hiru proiektu esleituta daude eta bi eremutan lanak amaitu dituzte. Zehazki, egungo legedira egokitutako poste elektrikoak jartzean datza esku hartzea.
Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez banda zabala jartzeko proiektuaren bidez “eraldaketa digital osorako beharrezkoak diren zerbitzu digitalen funtzionaltasuna eta kalitatea hobetu ahal izango dira, eta pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea areagotu”.